Loiolako Etxe Santuan martxotik urrira 56 mila bisitari izan da

Urola Kostako Hitza 2008ko aza. 6a, 10:11
Loiolan iaz baino bisitari gehiago izan da aurten. (Nerea Uranga)

Iaz baino bisitari gehiago hartu dute Loiolako santutegiko Turismo Bulegoan ere, guztira 11.000 inguru

Turismo Bulegotik pasatu diren bisitari gehienak Euskal Herrikoak dira; atzerritarren artean, berriz, Herrialde Katalanetakoak eta Espainiakoak dira gehien etorri direnak

Iraurgi Lantzenek, Loiolako Turismo Bulegoak eta Loiolako santutegiko Etxe Santuak martxoaren 15etik urriaren 31ra izandako bisitarien inguruko balorazioa egin du. Datuak esku artean, oro har egin duten balorazioa positiboa izan da: Turismo Bulegotik 11.000 bisitari pasatu dira eta Etxe Santutik, berriz, 56.721 bisitari; iaz baino 231 bisitari gehiago.

Iraurgi Lantzenetik jakinarazi dutenez, Turismo Bulegoan jasotako datuak iazkoekin ezin dira alderatu, bi urteetan ordutegi desberdina izan duelako bulegoak; "beraz, zerbitzua zabalik mantendu den egun eta ordu kopurua desberdina izan da". Baina Etxe Santua ikusi dutenen kopurua iazkoarekin alderatuta aurten igo egin da: "Hori esanguratsua da. Izan ere, turismoko datu orokorrak (Euskal Autonomi Erkidegokoak eta Gipuzkoakoak) iazko urtearekin alderatuta negatiboak izan dira".

Turismo Bulegotik pasatu diren bisitari gehienak Euskal Herrikoak bertakoak ziren. Atzerritarren artean, berriz, Herrialde Katalanetakoak eta Espainiakoak dira gehien etorri direnak: "Estatuko bisitari gehienak Euskal Autonomi Erkidegokoak eta Kataluniakoak izan dira eta batik bat Aste Santuan eta uda sasoian etorri dira". Iraurgi Lantzenen arabera, espainiarren atzetik frantziarrak izan dira gehien etorri diren atzerritarrak. Dena dela, Erresuma Batutik, Herberehetatik eta Amerikako Estatu Batuetatik etorritako bisitarien kopurua ere nabarmena izan da Loiolako Turismo Bulegoan.

Euren kabuz edo antolatuta

Aste Santuan eta udan "euren kabuz" bidaiatzen duten bisitariak nagusitu dira Loiolako bulegoan. "Beste hilabeteetan etorritako bidaiariak, hau da udaberrian eta udazkenean, antolatutako bidaietan dabiltzanak izaten dira; horietatik asko frantziarrak izan dira".

Loiolako santutegiaz, Azpeitiko eta Azkoitiko zerbitzuez (museoen ordutegiak, jatetxeak eta ostatuak), errepideen mapaz eta Arantzazuko santutegiaz eta Hiru Tenpluen Ibilbideaz galdetu dute bidaiariek, batik bat.

Ignaziotar Lurraldeko ikus-entzunezkoa, berriz, 3.200 bisitarik ikusi dutela nabarmen dute Iraurgi Lantzenekoek, "ikusi dutenen harrera ona izan da".

Horrez gainera, Azkoitiko eta Azpeitiko parrokietara zazpina bisitaldi antolatu dituzte Loiolako Turismo Bulegotik, baita mendi ibilaldi gidatuak ere.