Uema trebakuntza saioak ematen ari da Azpeitiko 30 udal langileri

Uztarria.eus 2008ko urr. 31a, 13:10
Udal langileak trebakuntza ikastaroan.

Ikastaroa idatzizko lana duten udal langileentzat dago diseinatuta

Ohiko hizkuntz akatsak zuzentzea eta administrazioko hizkera korapilatsua ulerterrazagoa egitea dira ikastaroaren helburuak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Uema trebakuntza saioak ematen ari da Azpeitiko 30 udal langileri urriaren amaieratik, eta azaroko bigarren astera arte emango ditu. Ikastaroa idatzizko lana duten udal langileentzat dago diseinatuta, eta bi helburu nagusi ditu. Batetik, ohiko hizkuntz akatsak zuzentzea eta, bestetik, administrazioko hizkera ilun eta korapilatsua ulerterrazagoa egitea, herritarren mesederako.

2006ko urritik, berrehun udal langilek eta hautetsik baino gehiagok jaso dituzte Uemako ikastaroak hainbat herri eta eskualdetan: Usurbilen, Orion, Oiartzunen, Tolosaldean, Leitzaldean, Sakanan, Lea-Artibain... Oro har, arrakasta handia izan du eskaintzak, baita Azpeitian ere. Izan ere, hamabost laguneko bi talde osatzeaz gain, udal langile batzuk ikastaroa egiteko gogoz geratu dira. Haiek datorren urtearen hasieran jaso ahal izango dute Uemaren ikastaroa.

Trebakuntza saio presentzialak ez dira Uemak trebakuntzan eskaintzen dituen baliabide bakarrak: hilean behin, Uemaren euskara zerbitzuak administrazio hizkeran trebatzeko jarraibideak helarazten dizkie Uemako herrietako 500 udal langile eta hautetsi ingururi posta elektronikoz. Material hori guztia eskuragarri egongo da laster Uemaren web gunean, eta herritarrek ere aukera izango dute material hori eskuratzeko.

Ikastaroen bidez, "Uemak bere konpromisoa berretsi nahi du udalerri euskaldunetako udal langileekin, eta bereziki herritarrekin". Izan ere, herritarrek zailtasunak izaten dituzte askotan administrazioko idatziak ulertzeko, eta are gehiago euskarazko testuak badira, dela ohitura faltagatik, dela oraindik ere euskaldun alfabetatu gabe ugari dagoelako. "Zailtasunak zailtasun, aurrerapenak handiak izan dira azken urteotan: herritar asko ohitu dira euskarazko idatzi administratiboak euskaraz jasotzen, eta gero eta errazago zaie hizkera administratiboa ulertzen".

Hizkera administratibo argi eta ulerterraza helburu hartuta, Uemaren asmoa da trebakuntza saioak euskararen normalizazioaren bidean aurrerapauso bat gehiago izatea eta Azpeitia jardun horretan buru-belarri sartzea.

Azpeitia pasa den apirilaren 5etik da Uemako partaide