Berrikuntza ugarirekin hasiko da larunbatean XXVI. Euskal Antzerki Topaketa

Urola Kostako Hitza | Kultura
2008ko urr. 31a, 09:10

Bihar hasiko dira Topaketak eta lehen aldiz Antzerkiaren Azoka antolatu dute

Sortu berri duten Txalo Saria Pilar Aizpitarte azpeitiar aktoreari emango diote hilaren 29an, udaletxean

Goiko argazkian, Iñaki Errazkin alkatea aurtengo Antzerki Topaketako kartelaren egileari, Maialen Azkueri saria ematen. Behean, ezkerretik hasita, Maialen Azkue, Errazkin alkatea, Leire Lazkano kultura batzordeburua eta Alaitz Ola  Argazki originala

Euskal Antzerki Topaketen XXVI. edizioa berrikuntza ugarirekin dator. Besteak beste, Antzerkiaren I. Azoka Eguna antolatu dute, asteburu bat antzerki talde amateurren lanekin osatu dute eta Txalo Saria emango dute lehenengo aldiz; azken hori Pilar Aizpitarte azpeitiar aktoreari.

Bihar hasi eta azaroaren 30a bitartean 23 antzezlan ikusteko aukera izango da, Izarraitz pilotalekuan eta herriko ikastetxeetan. Programa "indartsua" prestatu dutela azaldu du Antzerki Topaketaren aurkezpenean Iñaki Errazkin alkateak: "Haurrei, gazteei eta helduei zuzendutako antzezlan amateur eta profesionalak izango dira ikusgai. Programa interesgarria osatzen saiatu gara".

Udaleko Kultura batzordeburu Leire Lazkanoren esanetan, Udaleko ordezkariekin batera lan talde bat ibili da Antzerki Topaketak antolatzen: "Ez dugu antzerki eskaintza Topaketetara mugatu nahi eta, horregatik, urtean zehar Oholtzatik egitasmoa eta antzerki ikastaroak antolatu ditugu, lan talde horrek lagunduta".

Topaketak aurten izango dituen berrikuntzak ere azaldu ditu Lazkanok. Txalo Saria emango dute aurten aurrenengo aldiz: "Antzerkian lan emankor eta txalogarria egin duena sarituko dugu. Aurten, Pilar Aizpitarteri emango diogu, lan oparoa egindakoa baita, bai Antxieta antzerki taldearekin bai telebistan".

Antzerkiaren Azoka Eguna ere martxan jarriko dute aurten, azaroaren 14an: "Antzerkiko profesionalen elkargune izatea da Azokaren helburua, gaur egun euskarazko antzerkian dagoen eskaintza ezagutaraztea, eta Euskal Herriko hainbat plazatan antzerkia zabaltzeko bideak jorratzea". Herrira begira, berriz, egun berean hainbat antzerki saio antolatu dute, ikastetxeetan, Gaztetxean eta Izarraitz pilotalekuan.

Antzerki amateurrari ere lekua egin diote Topaketan. Azaroaren 21etik 23rako asteburuan amateurren antzezlanak izango dira ikusgai Izarraitz pilotalekuan. "Antzerki amateurrak bere tokia izatea nahi dugu Topaketetan eta Talde Amateurren Asteburua antolatu dugu", dio Lazkanok.

Estreinaldi bat ere izango da: azaroaren 16an haurrei zuzendutako Galtzagorriei to, Inaxito! egingo du Lanku Bertso Produkzioak-eko Trikuharri taldeak. Topaketari bukaera emango dion Ni naiz Hector, ni bakarrik antzezlana ere estreinatu berri ekarriko dute.

XXVI. Euskal antzerki topaketak

Azaroak 1, bihar. *Grönholm metodoa* antzezlana, Txalo Produkzioak. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 2, etzi. Handitan antzezlana, Glu-glu. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 7, ostirala. Putzuak lehortzen antzezlana, Agerre Teatroa. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 8, larunbata. Ohean antzezlana, Maskarada. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 9, igandea. Bremengo musikariak antzezlana, Paraiso Teatroa. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 14, ostirala. Antzerkiaren I. Azoka Eguna:

  • 10:00etan. Lodikroko antzezlana, Elirale Konpainia. Ikasberri Azpeitiko Ikastolan.
  • 11:30ean. Zoaz egan errari antzezlana. Le Theatre Du Rivage. Betharram aretoan.
  • 16:00etan, Inmundo; hesi-puskatzailea antzezlana, Laenananaranja Antzerki taldea. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain.
  • 19:00etan. Aulki hutsa antzezlana, Le Petit Theatre De Pain. Gaztetxean.
  • 21:30ean. Hnuy Illa antzezlana, Kukai-Ttanttaka. Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 15, larunbata. Ate joka antzezlana, Txalo. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 16, igandea. Galtzagorriei, to Inaxito! antzezlana. Estreinaldia. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 28, ostirala. Emakumeak izerapean antzezlana,Tanttaka Teatroa. Udaleko Parekidetasun Batzordearekin elkarlanean antolatuta. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 29, larunbata. Txalo Saria 2008. Pilar Aizpitarte azpeitiar aktoreari omenaldia. 13:00etan, udaletxeko areto nagusian.

Azaroak 30, igandea. Ni naiz Hector, ni bakarrik antzezlana, Kanpingas. 19:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Eskola antzerkia edo gaztetxoei zuzendutako

Azaroak 17, astelehena.

  • Lan baten bila, Magia saioa eta Bi asto, Beasaingo Ikastola. 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan.
  • Antzerkia eta kantagintza, Erandioko Jado Compasion. 15:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 18, asteartea.

  • Txunari-txunari, Gorpegiko Gorbeia Eskola. 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan.
  • Zergaitik ez?, Gu gu(a)ras(z) Oak!, Donostiako Zurriola Ikastola. 15:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 19, asteazkena.

  • Patxiku Marokora doa, Gasteizko Abetxuko Ikastola. 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan.
  • Txin-txin, txin-txin diruaren hotsa, Zestoako Aizarna LHI. 15:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 20, osteguna.

  • A30 Formula eta Artaldegain, Ikasberri Azpeitiko Ikastola. 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Antzerki amateurrari eskainitako asteburua

Azaroak 21, ostirala. Garraxi isila antzezlana, Landa-Berri Antzerki Eskola. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 22, larunbata. Habemus zirkus antzezlana, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerra. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroak 23, igandea. Maite dugulako antzezlana, Satorrak taldea. 19:00etan, Izarraitz pilotalekuan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu