Ahaleginaren emaitza

Olatz Prat | Iritzia
2008ko urr. 30a, 10:10

Nork esango luke 2000. urtean herriko tabernetan antolatutako kontzertu multzo xume hura gaur egungo Triku Festa bilakatuko zenik? Orduan formatu txikiko emanaldiak eskaintzen ziren toki txikitan. Denborarekin hazten joan da jaialdia, ordea, eta azken urteotan herriko enparantzan jarri duten karpa handia musikazaleen eta kuriosoen gune nagusi bihurtu da.

Baina guztien gustukoa den jaialdirik egiterik ez dagoenez, aurten eztabaida sortu da ekarritako taldeen inguruan, hauen jatorriaren inguruan zehazki. Makina bat kexatu da gero eta bertako talde gutxiagok parte hartzen duelako eta Triku Festan bertako taldeak ikusteko aukera izatea nahi luketelako. Nire ustez, bertako taldeak ikusteko aukera ugari alperrik galtzen dugu, edozein asteburutan inguruko gaztetxe, taberna eta plazetara joan besterik ez dagoenean; toki arazorik behintzat ez da izaten horietan.

Triku Festie bideak irekitzen ari da. Gure herrialdetik kanpo proposamen interesgarriak dituzten taldeak eta musikagileak ekartzen dira; Triku Festagatik izan ez balitz, inoiz ezagutuko ez genituzkeen taldeak askotan. Zer esan iaz gorputzeko ile guztiak tente jarri zizkigun Tender Foreverrez? Edo aurtengoan beste dimentsio batera eraman gaituen MC Xanderrez? Ez dira bertakoak, ez, baino merezi du horrelakoak ekartzea, musikaren ateak zabaltzea, munduko beste txokoetan zer egiten den ezagutzea.

Kanpotik suntsitzea barrutik eraikitzea baino errazago izaten da beti. Baina Triku Festie, alde guztietatik begiratuta, kalitatezko eskaintza da eta behar bezala baloratu beharreko lana. Hasteko mimo handiz egindakoa delako, hasieratik bukaerara. Kartelaren diseinutik hasi eta tabernako lanparetaraino.

Ahalegin handia eskatzen du horrelako jaialdi bat antolatzeak. Hasteko, doan izanik, sarreretatik aterako litzatekeen diru horren ordezko diru laguntzak lortzeko borrokatu behar izan dutelako; eta bestetik, talde guztien bidaiak eta beharrak lotu, karpa montatu, soinu ekipoa alokatu, tabernako eta dendako generoa erosi eta jantokia eta sukaldaria topatu behar izan dutelako, beste mila gauza txikiz aparte.

Herritarren plazerrerako lanean gogor jardun du beste behin Triku Festaren antolakuntzan eta funtzionamenduan parte hartzen duen lan taldeak. Herriko eskaintza kultural urria leuntzen duen proposamena.

Zorionez, urtetik urtera jendearen erantzuna gero eta beroagoa da; horren adierazle karpa bost metro luzatu eta hala ere betetzea.

Aldaketa garrantzitsu batekin etorriko da Triku Festie '09: toki aldaketa, San Agustinpe izango baita triku musikazaleen bilgune.

Fitxa

Antolatzailea. Triku Musika Elkartea.

Noiztik. 2000. urtean jarri zuten martxan Triku Festie.

Non. Datorren urtetik aurrera San Agustinpen egingo da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu