Horrelako grebarik ez da inon!

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 30a, 10:10
Gurutze Eizmendi, Alaitz Olaizola eta Idoia Uranga, oholtza gainean.

Lakrikun Antzerki Taldeko hiru aktoreek 2003ko maiatzean ekin zioten Greban gaude antzezlanaren "abentura dibertigarriari"

Bost urte eta gero, oraindik ere hainbat lekutatik deitzen diete antzeztu dezaten

Orain dela bost urte eta erdi ekin zioten grebari, eta bertan behera uzteko asmorik ez dute oraindik. 2003 maiatzaren bukaeran, Azpeitiko Emakumearen Mahaiak antolatutako ekitaldi batean hasi zen gorpuzten grebara jotzea erabaki zuten hiru garbitzaileen istorioa, Greban gaude antzezlana alegia. Lakrikun Antzerki Taldeko Alaitz Olaizola, Gurutze Eizmendi eta Idoia Uranga dira aktoreak, eta teknikari Igor Aranbarrik eta Kepa Urbietak jarduten dute.

Bost urte hauetan, greban daudeneko aldarrikapena Euskal Herriko hainbat herritara eta txokotara zabaldu dute, Kultur Errotaren bidez. Gelditzeko asmorik ez dute, ez oraingoz. Datorren hilean bi hitzordu dituzte: bata Beran eta, bestea, Aretxabaletan. Datorren urteko martxorako, berriz, beste bi emanaldi ere lotuta dituzte.

Taulatik jaitsi gabe dabiltza hiru aktoreak: "Dagoeneko 50 emanaldi-edo egingo genituen, eta oraindik ere eskaerak ditugu". Geldialdi bat egin zuten denboraldi batez, baina halabeharrez. "Idoia haurdun zegoen eta tripa handiarekin antzezten jarraitzen zuen. Hori bai, haurdunaldiko azken bi-hiru hilabeteetan gelditu beharra izan genuen. Baina haurra izan, onera etorri eta berriro ere antzezlanari heldu genion", dio Alaitz Olaizolak.

Hazten eta aberasten

Hazten eta aberasten joan den lana izan da Greban gaude. "Emakumeen Mahaiak zerbait egingo al genuen galdetu eta horretarako landu genuen antzezlana. Gero, urtebetera, Antzerki Topaketetan aurkezteko sendotu egin genuen, 50-55 minutuko ikuskizuna osatu arte". Azpeitian, 2004an XXII. Euskal Antzerki Topaketetan egin zuten bigarren aldiz, Soreasun. Gainera, Ikuslegoaren Saria jaso zuten. Orduan hartutako abiadak ez du geldialdirik izan, segi eta segi egiten du. "Gainera, egiten joan garen heinean aberasten joan da, esketxak gehitzen joan gara eta gaur egun ordubete eta hogei minutu inguruko antzezlana da".

Era askotara aberastu dute antzezlana: "Denborak sendotu egin du, testu eta hizkuntza aldetik aberasten joan da". Hitanoz egiten dute, hizkuntza biziarekin, eta "hori hainbat herritan asko eskertu dute ikusleek".

Esketxak gehitzen

Olaizolak gogoan du nola behin Orexan Greban gaude antzeztu baino bi ordu lehenago esketx berri bat sortu behar izan zuten. "Joan ginen Orexara antzeztera. Udaletxeko ganbaran egin behar genuen, eta han zain eta zain, eta antolatzailea ez zen ageri. Orduan, bertako tabernara joan eta tabernakoarekin hizketan ari ginela, esan zigun antolatzailearen senitarteko bat hiltzeko zorian zegoela. Guk, orduan, esan genion pasarte bat heriotzaren ingurukoa zela eta tabernariak hori ez egiteko, 'hau herri txikia baita'". Esketx hura kentzea erabaki eta tabernako mahai batean eseri eta pasarte berri bat sortu zuten Lakrikuneko hiru aktoreek. "Antzeztu baino bi ordu lehenago prestatu genuen esketxa eta oso ondo gelditu zen. Ikusleei asko gustatu zitzaien eta antzezlanean sartu genuen".

Gustura, oso gustura daude aktoreak Greban gaude antzezlanarekin: "Guretzako, ezustekoak ematen dituen abentura dibertigarria da". Agertoki gaineko abenturan parte hartzen ari diren aktoreentzako "esperientzia berezia" izaten ari dela dio Olaizolak: "Bakoitzak bere pertsonaiarekin gozatu egiten du. Gure greba hau luzea da, eta oraindik behintzat horretan jarraitzeko asmoa dugu". Egunen batean greba bukatuko balitz, ez dute baztertzen beste antzezlan batekin jarraipena ematea.