Gorka Karapeto: "Behin 9a egiteak bide zailagoekin saiatzeko aukera zabaltzen du"

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2008ko urr. 29a, 11:10

Gorka Karapetok asteburuan Mendiexpoko Bouldar Txapelketa irabazi du

Hilaren 14an, Sistematik ihes 9a-ko bidea egitea lortu zuen

Puti-putiye, Sagardoa, Bariantea... eskalatzen hasi zen Gorka Karapeto eskalatzailea Izarraizko kanteran. Gaur egun haitzean 9a mailako bideak egiteko gai da. 14-15 urterekin hasi zen eskaladako lehenengo pausoak ematen: Iraugi ikastetxeko horman, Loiolan... Hasierak izan ziren horiek Karapetorentzat; eta, azkenak, garai- penak eta lorpenak izan dira. Joan den asteburuan, Irunen Mendiexpoko Boulder Txapelketa irabazi zuen. Astebete lehenago, berriz, 9a mailako Sistematik ihes bidea egin zuen Aizpunen, Nafarroan. Milaka bide ditu haitzean eginda, eta aurten ehunka egin ditu; "denak ez dauzkat apuntatuta, 7 mailatik gorakoak bakarrik apuntatzen ditut. Baina aurten 8 mailatik gorako 50en bat bide egingo nituen".

Azkena, Mendiexpoko Boulder Txapelketa irabazi duzu. Zer moduz joan da?

Txapelketa ondo joan zen. Goizean finalerako sailkatzeko proba jokatu eta zortzi lagun pasatu ginen finalera. Arratsaldean, ni neu oso ondo sentitu nintzen, indarrarekin eta gogoarekin; goizean ez bezala. Espero baino hobeto eta nahi bezala irabazi nuen txapelketa. Bost bloke ziren egin beharrekoak eta denak egitea lortu nuen. Oso gustura nago.

Azkenaurrekoa, 9a mailako Sistematik ihes bidea egin duzu. Hilaren 17an egin zenuen. Sasoi betean al zaude?

Ez dakit sasoian al nagoen edo ez, baina bai, aurten urte oso ona edukitzen ari naiz. Bide hori egin dudalako oso gustura nago, baina badakit hori lortzeko urtean zehar lan asko egin behar izan dudala. Ez entrenamendu aldetik bakarrik, haitzean asko eskalatu dut eta epe motzerako helburu batzuk jarrita izan ditut; gero, lorpenak iritsi dira. Azken batean, urtean zehar egindako lanaren emaitza izan da.

Egunak, orduak, haraino joan, saiatu behin eta berriz... Zenbat ordu bide bat egiteko?

Nafarroara dezente joaten gara eta han lagunak ere baditut; bat Ekaitz Maiz da, nik orain egin dudan bidea kateatu zuena. Bide hori probatzen hasi eta asko gustatu zitzaidan. Egia da ordu asko pasatu eta Aizpunera buelta asko egin behar izan ditudala. Batzuetan goizean jaiki eta pereza ematen zidan, baina motibazioa nuen bidea egiteko. Horixe zen nahi nuena. Azkenean, sei egunetan joan behar izan nuen lortzeko. Egun batzuetan bi saiakera egiten nituen, beste batzuetan hiru... denera hamalau saiakera behar izan ditut. Baina, hala ere, bideak daukan mailarekin espero baino gutxiago kostatu zait.

Hurrengo bidea zein izango den pentsatuta al duzu?

Urtean zehar 8c eta 8c+ mailako bideak egin ditut. Behin 9a eginda, horrek berak aukera zabaltzen du bide zailagoak egiten saiatzeko. Gustura nago orain bide hori eginda, baina lehengo asmoekin jarraitzen dut. Urtean zehar beste bide gogor batzuk probatuko ditut, eta helburu bat aurrean egokitzen bazait, asko erakartzen nauena, ekin egingo diot. Gainontzean, eskalatzen jarraituko dut. Gauzak nola datozen ikusi eta ikusiko dut zeini heldu. Orain ez daukat ezer zehatzik buruan.

Negua gertu dugula, kanpoko lana nekezagoa da, ezta?

Bai, hala da. Azkar iluntzen du, euria, hotza egiten du... eta kanpoan eskalatzeko aukera gutxiago daukagu. Baina neguan Nafarroa aldera jotzen dugu, han giro hobea egiten duelako, Etxaurira-eta. Jende askok neguan ez du eskalatzen, baina nik urte osoan eskalatzen dut.

Urte osoan eskalatzeko, eskaladatik bizi al daiteke?

Ez, ez, ni neu behintzat ez naiz eskaladatik bizi. Diru laguntzak ematen dizkidan kirol etxeak ditut, Boreal, Roca eta Trango, baina ni ez naiz eskaladatik bizi, lan egiten dut Zarauzko Arista dendan. Era berean, lan horrek eskalatzeko aukera ere ematen dit.

Espainiako Kopako proba bat falta da. Zer moduz doa?

Espainiako Eskalada Kopako bi proba jokatu ditugu eta hirugarrengoa falta da; hori Madrilen izango da, azaroaren 15ean. Sailkapen orokorrean hirugarren postuan nago eta gogoak baditut, ea zer gertatzen den.

Eskaladan ari zareten hainbat herritarren artean lokal bat duzue Landetan. Hori nahikoa al da?

Lagun batzuen artean daukagu lokala, guk gure poltsikotik ordaintzen duguna. Kiroldegian badago rokodromo bat, baina hastapenekoa da. 2006an Azpeitiko Kirolari Onenaren saria eman zidaten, baina kirolaria bera egin duenagatik saritzen dute arren, egiten duen kirola bera ez dute baloratzen. Azpeitiko eskalatzaileentzako eta eskalada gustuko duten guztientzako laguntza eskatuko nuke. Guk lokala geuk ordaintzen dugu eta bertako gastu guztien kargu gu egiten gara; ondo konpontzen gara eta inolako arazorik ez dugu. Baina Azpeitian urteetan eskalatzen talde bat bagabiltza eta Kiroldegiko eskaintza txiki gelditu dela iruditzen zait. Pentsa, lokal pribatu batean 40 lagun inguru gaude izena emanda.

Di-da batean

  • Eskaladan, gogoan duzun une bat? Eskalatzeko hasierak, nire lehenengo eskaladak, Azpeitiko harrobian egindako bideak... Eskaladan gaur egun sentitzen ari naizen sentsazio horiek lehendabizikoz sentitu nituen garaiak.
  • Eskaladako modalitate bat? Haitzean, zailtasuneko bideak; edo bideak, baina haitzean.
  • Eskalatzaile bat? Asko daude, asko.... Gure inguruko bat esatekotan, nire inguruko edozein esango nuke... Baina, orain, bat esatekotan, Joxe Luix Urkizu Beltza.
  • Eskaladako historian, berriz? Denentzako eskalatzaile handia izan dena, Wolfgang Güllich. Berak hainbat bide zabaldu zituen eta gaur egun ere eskalatu egiten dira horiek.
  • Bide bat? Blue Jeans. Araotzen dago eta nire aurrenengo 8 mailako bidea izan zen.
  • Eskalada ez den beste kirol bat? Surfa. Garai batean, surfean ibili nintzen pixka bat eta patinetean ibiltzea ere gustuko nuen. Gaur egun, ezingo banu eskalatu, kosta bertan dugu eta uste dut surfa egingo nukeela.
  • Entrenatzeko toki bat? Azpeitian Landetan dugun lokala.
  • Amets bat? Oraintxe bezala eskalatzen segitzea beti. Gustura sentitzea egiten ari naizen horrekin.

Gara-k ere Gorka Karapetori elkarrizketa egin zion orain bi egun. (Irakurri)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu