Ia lau mila lagun gerturatu dira aurtengo Triku Festara

Urola Kostako Hitza | Kultura
2008ko urr. 28a, 09:10

Antolatzaileak "harrituta" geratu dira jendearen erantzunarekin, eta modu positiboan baloratu dute asteburua

Musikari gonbidatuak ere "etxean bezala" sentitu direla esan dute antolatzaileek

Triku Musika Elkarteak antolatzen duen Triku Festiek maila oneko musika eta festa bermatu ditu beste behin. Ostegunean hasi eta herenegun bukatu zen jaialdia, eta jendeak gogotik gozatu du han-hemengo doinuekin. Triku Muika Elkartea, bere aldetik, "oso gustura" agertu da aurtengo jaialdiarekin: "Iaz baino jende gehiago gerturatu da aurten. Gehiago edo gutxiago, egun guztietan beteta egon da karpa".

Antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, gutxi gorabehera ia lau mila lagun inguru ibili da lau egunetan zehar, "iaz baino %30 gehiago". Horren haritik, jaialdiaren balorazio positiboa egin du elkarteko kide Aitor Bereziartua Atxuiya-k: "Oro har, proposamen arriskatuak ziren eta, egia esan, nahiko harrituta geratu gara jendearen erantzunarekin".

Musikariak "etxean bezala"

Ikusleak ez ezik, musikari gonbidatuak ere "etxean bezala" sentitu direla jakitera eman du Bereziartuak. Izan ere, "tratu oso pertsonala ematen diegu musikariei. Talde guztiek Azkoitiko Kukuherri aterpetxean pasatu dute asteburu osoa, eta elkarren artean sortu den giroa jaialdian bertan ere islatu da. Esaterako, hainbat taldetako kideek elkarrekin inprobisatu dute emanaldietan. Giro hori benetan pozgarria izan da guretzat".

Ikusmin eta harridura gehien sortu zutenen artean, Action Beat taldea eta MC Xander bakarlaria nabarmendu ditu Bereziartuak. Action Beat talde jendetsua da -lau bateriaz, lau gitarraz eta baxu batez osatua- eta beraien emanaldia "indartsua bezain ezohiko" izan zen. MC Xander-ek, mikrofono baten laguntzarekin, makina bat soinu simulatu zituen bere ahotsarekin bakarrik. Bi gonbidatuek, gainera, herriko kaleetan zehar antolatutako kontzertu berezietan hartu zuten parte.

Jaialdi erreferentea

Asteburukoa 8.Triku Festie izan da eta pixkanaka musikazaleen artean erreferente bihurtzen ari den jaialdia dela erakutsi du. Horrek guztiak asko pozten dituen arrean, "gure helburua ez da milaka lagun bilduko dituen jaialdi bat egitea. Jakina, ongi dago, baina ez diogu aparteko garrantziarik ematen", argitu du antolatzaileak.

Aurtengo jaialdiak izan duen arrakasta gainditzea zaila izango dela adierazu du honek: "Urteko izaten da zaila. Guk oso baldintza xumetan egiten dugu lan, askotan boluntarioekin, eta jaialdia handitzen doan neurrian, gauzak zailtzen joaten dira". Bestalde, datorren urteari begira, The Ex taldea ekarri nahi dutela aurreratu dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu