Buruko paralisia duten lagunek egindako eskulanak salgai jarri dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 27a, 10:10

Aspacek erakustoki eta denda zabaldu ditu Perdillegi kalean

Elkarteko kideen eskulanak ikusteko eta erosteko aukera izango da

Buruko paralisia duten pertsonek egindako saskigintza produktuak saltzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Aspacek. Elkarteak herrialdean dituen zentroetan 200 lagunetik gora aritzen dira eskulanak egiten.

Azpeitian, Perdillegi kalean du egoitza Aspacek. Bertan jarri dute eskulanen erakusketa eta salmentarako tokia. Lanak gertutik ezagutu edo erosketaren bat egin nahi duten herritarrek horretarako aukera dute, astelehenetik ostirala bitartera, 09:00etatik 17:00etara.

Buruko paralisia duten lagunek egindako eskulanen artean ogia, arropak edo bestelako gauzak gordetzeko saskiak daude.

Produktuak hedatzeko xedea

Erakusketa eta salmenta antolatzeaz gain, Aspacek beste ekimen batzuek ere jarri ditu martxan. Besteak beste, azoketan parte hartzeko asmoa dute eta Gabonetara begira, berriz, produktuak erakusteko eta saltzeko gunea zabaltzea nahi du.

Urtean 5.000 produktu inguru ekoizten dute Aspaceko kideek, eta horiek guztiak merkaturatzeko ahalegin berezia egiten ari dira.