Lagun giroan jokatu dute Azpeitiko I. Surf Txapelketa

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2008ko urr. 27a, 09:10

Hogeita bederatzi lagun inguru bildu ditu txapelketak, guztiak azpeitiarrak eta gizonezkoak

Ugutz Karrera izan da txapelduna

Irabazlearen txapela. (Amaia Mendizabal)  Argazki originala

Eskualdean hamaika surflari eta surfzale daukagula jakineko kontua da. Hori, ordea, Zarautzekin lotu izan dugu gehienbat, taula besapean hartuta etxetik hondartzaraino hankahutsik doazenekin. Beste maila batean, baita Zumaiarekin, Getariarekin eta Oriorekin ere. Bada, kresal usaina haraino iritsi ez arren, barruko herrietan ere surfa indarra hartzen hasia da. Horren adierazgarri larunbatean jokatu zuten Azpeitiko I. Surf Txapelketa. Hori bai, ezinbestean erbestean jokatutakoa, Zarauzko hondartzaraino joan behar izan baitzuten olatu bila.

Surfa egiten dutenak gehiago izan arren, 29 lagunek hartu zuten parte. Guztiak azpeitiarrak, denak gizonezkoak. 10:00ak aldean hasi zuten txapelketa eta egun guztia eman zuten uretan; ezin esan, ordea, lehiatzen eman zutenik eguna, gehiago izan baitzen lagunarteko festa. "Urtero egin ohi dugu geure artean afaria eta aurten, afaria ez ezik, txapelketa ere antolatzea okurritu zitzaigun. Gure arteko pike batetik sortu da ideia, baina ez diogu txapelketa kutsu gehiegirik eman nahi izan", azaldu du Fernando Alberdik, txapelketa antolatzen jardun den surflarietako batek.

Txapelketa kutsua eta oihartzuna, biak saihesten saiatu dira, "geure arteko kontua izatea nahi baikenuen". Hori bai, hainbat lagun gonbidatu zuten atzoko txapelketara: "Surfaren bidez lagun asko egin dugu kostaldean; zumairrak, zarauztarrak, oriotarrak, getariarrak... eta horiek denak gonbidatu ditugu gaurko txapelketan parte hartzera. Parte hartzeko asmorik ez zutenak hamaiketakora bada ere etorri dira", azaldu zuen Alberdik.

Lehia edo ez lehia, txapelketa guztiek bezalaxe atzokoak era izan zuen txapelduna: Ugutz Karrera, hain zuzen ere. Berarekin jardun ziren finalean Ion, Joxemai eta Xabi. Bestalde, parte-hartzaileen artean zozkatu zuten surfeko taula Joakin Azkuerentzat izan zen.

Afizioa ahalegin

Gaur egun duen indarrarekin parekatu ezin badaiteke ere, Azpeitian surferako afizioa aspalditik dagoela dio Alberdik; "Joakin Azkuek eta beste hainbatek urteak daramatzate surfean". Kosta 20 kilometrora izanda, normala dela dio. Hori bai, ezin uka beste zenbaiti baino ahalegin handiagoa eskatzen diela eurei afizio honek: "Kostan bizi direnek errazago daukate. Gu, adibidez, elkarri deika jarduten gara olaturik ba al dagoen jakiteko; Zarautzen azpeitiar asko bizi da, eta hots egiten diegu".

Afizioaren errutina ere oso bestelakoa da, hauek ez dute taula besapean hondartzara hankahutsik joateko aukerarik. Hasteko eta behin, autoz 20-30 minutuko bidea ez die inork kentzen. Hori ez da oztopo, ordea, ahal dutenero surferako tarte bat hartzeko: "Bazkalorduan etortzen gara askotan, lanetik atera eta lanera sartu bitartean. Goiz argitzen duenean 06:00etarako ere egon izan gara inoiz uretan". Gero, ondo lehortu eta lanera.

Oporraldia ere olatu artean

Lanak utzitako edozein tarte baliatzen dute surf egiteko. Baita oporraldiak ere. Hala, 14-15 laguneko taldetan udan bidaia ikusgarriak egin izan dituzte olatuen atzetik Azpeitiko surflariek. Hegoafrika, Costa Rica, Panama, Maldiva uharteak, Bali inguruak. "Eta oporraldi osoa %100ean surf egiten, beste konturik gabe". Izan ere, igelek ura maite dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu