Azpeitiaren historiaren inguruko ikerketa bilduma osatuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 27a, 10:10
Bildumaren koordinatzaile Juan Madariaga eta Azpeitiko alkate Iñaki Errazkin akordio sinatzen. (Nerea Uranga)

Liburukiak 2010. urtean zehar argitaratuko dituzte, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urtemugan

Alkatearen esanetan, "ikerketa historikoaren joera sakon eta berritzaileen bidetik jorratutako" liburuak izango dira

Azpeitiko herriari herri-gutuna eman zitzaionetik 700 urte beteko dira 2010. urtean . "Urtemuga hau herria historian izan dena begiratzeko aukera aparta" dela iritzi dio Azpeitiko Udalak. Horrenbestez, Azpeitiko historiari buruzko ikerketa sorta bat egiteko lanari ekin dio, "lehen mailako ikerlari taldea" osatuta. Ostiralean aurkeztu zuten egitasmoa udaletxean, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek, Udaleko Kultura batzordeburu Leire Lazkanok, 700. urtemugako lan taldeko kide batzuk eta egitasmoan parte hartuko duten hainbat ikerlarik.

Herriko historiaren zenbait jakingarri bilduko dituzten liburuki eta monografiak izango dira bilduma osatuko duten aleak. Alkatearen esanetan, "ikerketa historikoaren joera sakon eta berritzaileen bidetik jorratutakoak" izango dira, baina herritarrentzat "bere izaeraz eta iraganaz jakiteko tresna gustagarriak eta mamitsuak" izateko asmoarekin egindakoak. Bilduma Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Juan Madariaga Orbeak koordinatuko du. Hori alkatearekin bat dator egitasmoaren izaeraz: "Ikerketak sakontasunean egiteko konpromisoa hartu dugu, baina zentzu popularra eta dibulgatiboa galdu gabe".

Azpeitiaren historiari buruzko ikerketa lanak egiteko gaiak aukeratzeko, ikerlarien ustez "onenak" direnak hautatu dituzte: "Beste gai interesgarri batzuk ere egongo dira, baina gure ustez garrantzitsuenak direnak landuko ditugu".

Egitasmoan parte hartuko duten ikerlariak bakoitza bere gaian aditua dela dio bildumako koordinatzaileak. Helburua, ikerlanen bilduma "egokia eta duina" egitea dela azaldu du.

Herriaren historiari buruzko horrelako ikerlanen bilduma batek herriari "ondarea" ematen diola nabarmendu du, egitasmoko ikerlaria Maria Jose Aranburuk. Gainera, Azpeitiko Udalari eta 700. urteurreneko lan taldeari eskerrak eman dizkio, "udal batek horrelako ikerketa bat egiteko jarrera hau izatea ez baita ohikoa. Eta Azpeitiko biztanleek hori baloratuko dute".

Udalaren asmoa, 2010. urtean zehar Azpeitiko historiaren bilduma osatuko duten liburuak argitaratzen joatea da.

Azpeitiko historia hainbat arlotan zer izan den ezagutzeko balioko dute 2010ean aterako dituzten liburukiek. Alkatearen ustez, "1310 urrun hartan Gaztelako erregeak, Fernando IV.ak, orduan hemen bizi zen jendeari herri moduan era zedin eskumena eman zion. Nahi baino gutxiago dakigu gure inguru hauetako orduko bizimoduaz eta gorabeherez, eta horrexek bultzatu gaitu atzera ere begiratzera".

Udalarentzako 700. urtemuga ez da ospatzeko data bat, oroitzekoa baizik: "Oroitzea eta memoria aldarrikatzea ez da nahastu behar mendeotako gure gertaera historiko zapaltzaileak goratzearekin".

Azpeitiko historiari buruzko ikerketa sorta

Denera zazpi liburukik edo monografiak osatuko dute Azpeitiko historiari buruzko ikerketa sorta. Horien guztien koordinatzailea Juan Madariaga Orbea izango da. Hona hemen ikerlariak zeintzuk izango diren eta bakoitzak landuko dituen gaiak:

  • Jesu Angel Gil Massa eta Maria Jose Aranburu Exposito. Azpeitiko herriaren ondare historiko artistikoa.
  • Juan Madariaga Orbea. Azpeitia: gizartea, kultura eta pentsamoldeak.
  • Lola Valverde Lamsfus. Famili arteko eta genero harremanak Azpeitian.
  • Jose Antonio Azpiazu Elorza. Azpeitiko industria eta merkatalgoa Aro Modernoan.
  • Mikel Xabier Aizpuru Murua. Aitzinako Azpeititik Azpeitia berrira (XIX. eta XX. mendeak).
  • Joseba Zuazo Olozaga. Aitzinako erregimena eta Lehen Karlistada garaia.
  • Marta Zabala Llanos eta Maite Ibanez Gomez. Lan industrialaren memoria Azpeitian.