Triku Festie bete-betean sartu da

uztarrria.com 2008ko urr. 25a, 19:10
NLF3 Parisko taldea, ostegunean, Azpeitian. (Urola Kostako Hitza)

Igandean bukatuko dira kontzertuak; ostegunean hasi zen jaialdia

Plazan karpa handia du jarria Triku Musika Elkarteak

Triku Festie 2008 ostegunean hasi zen Azpeitian —karpa handia dago plazan— eta dagoeneko bete-betean da. Azken bi egunetan jende asko ibili da.

Gaur (larunbata) eta bihar iluntzean ere Triku Musika Elkarteak antolatutako jaialdian kontzertuak izango dira karpan.

Horretaz gainera, karpan disko azoka eta taberna jarriak dituzte. Baina, hortik kanpo kontzertu sorpresak iragarri ditu elkarteak.

Gaur, larunbata. 22:00etatik. Plazako karpan.

  • 12 Tribu Featuring. Urola Kosta (Euskal Herria). 1995etik etenik gabe dabil taldea eta roots regaea landu dute, batik bat. Jaialdirako espreski prestatutako emanaldia eskainiko dute. Gainera, bidelagun izango dituzte Pable, Papa Cruz eta Brown Charle musikariak.
  • MC_Xander. Londres (Erresuma Batua). "Soinuen Txaman" gisa ere ezaguna omen da musikari gazte hau. Soilik bere ahotsarekin egiten du lan.
  • Dalek. New Jersey (AEB). Bikote hau "gaur egungo hip hop alternatiboaren eszenan errespetu handikoa da". Abandoned Languaje lana aurkeztera datoz Triku Festara.
  • DJ_Chelis.Zaragoza (Aragoi, Espainia). "Kalitate handiko musika nahasia eskaintzen du mugak gogoko ez dituen mutil honek", diote Triku Festakoek.

Bihar, igandea. 19:00etatik. Plazako karpan.

  • Manyfingers. Bristol (Erresuma Batua). Chris Cole multi-instrumentista da, "gaitasun itzela du hainbat pertsonak aldi berean egingo luketena berak bakarrik sortzeko". Antolatzaileen esanetan, "ezbairik gabe sentimenduen itsasoetan kabitu ezinik datorren enbata da".
  • The Zephyrs. Edinburgo (Eskozia). 1999an sortu zen eta urteetan aldaketa ugari izan du taldeak, baina "euren modu pertsonalari fidelatsuna erakutsi diote». Taldeak egiten duen musika erritmo pausatukoa da, "geldiunerik gabekoa baina pauso sendokoa». Hauek egiten duten musika, "erritmoa, melodia eta giroa sinpletasunez jostean datza".

Musika jaialdiari buruzko web orria ere badute martxan; www.trikufestie.com da helbidea. Musikari eta taldeei buruzko informazioa jaso dute.