Herritarrekin komunikazioa hobetzeko asmoz, irudia eta aldizkaria berritu ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 25a, 17:10
Iñaki Martinez Eregi Komunikazio enpresako kidea eta Xanet Esnaola Udaleko alkateordea, aurkezpenean.

Garatu duen planaren bitartez, Udalak herritarrekin komunikatzeko bideak indartu nahi ditu

Webgunea datorren hilaren erdialderako berrituko dute

Azpeitiko Udalak irudi korporatibo berria eta Azpeitian Zer? udal aldizkari berritua aurkeztu zituen atzo. Izan ere, Xanet Esnaola alkateordearen esanetan, “herri eraikuntzan, herritarrenganako komunikazioa eta informazioa indartzea da gure helburua”.

Udal Gobernu berria osatu zutenetik Udalaren komunikazio proiektua lantzen jardun dute, eta hiru euskarri jarri dituzte ardatz Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa indartzeko: Udalaren irudi korporatiboa, udal aldizkaria eta webgunea. Atzo (ostirala), lehen biak aurkeztu zituen Udalak, eta webgunea datorren hilaren erdialderako berrituko dute.

Udal Gobernu berria osatu zutenean, “Azpeitia herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzea” helburu jarri zutela adierazi zuen atzo Esnaola alkateordeak: “Herri bizia, sortzailea eta dinamikoa osatu nahi dugu eta horretan herritarrak bidelagun nahi ditugu”. Asmo horretan, hainbat bide zabalduta ditu Udalak dagoeneko. Horietako bat arlokako mahaien egitasmoa da: “Mahaiak herritarren parte-hartzea bultzatzeko sortu genituen. Orain euren ibilbidea egiten ari dira eta Udalak mahaien inguruan egiten duen balorazioa positiboa da: onarpen zabala dutelako, eragileen parte-hartzea handia delako eta, gainera, ilusioa dagoela sumatzen dugulako”.

Aldebiko harremana

Herri eraikuntza helburu hartuta Udalak zabaldutako beste bide bat informazioarena eta komunikazioarena da. Bide horretan, oraingoz udal aldizkaria eta irudi korporatiboa berritu dituzte. “Udalak egiten eta hartzen dituen erabakien berri jendearengana ahalik eta osatuen eta zabalen zabaltzea da helburuetako bat. Informazioa herrira zabaltzea inportantea da, baina herritarrekin aldebiko harremana izan behar dugula uste dugu: herritarrak Udalera eta Udala herritarrengana”.

Gauzak horrela, aldebiko komunikazioa indartzeko eta sendotzeko, Udalak bere euskarri propioak eraberritzea erabaki du. Abiapuntu bezala, Udalaren irudia berritu eta gaur eguneratu dute, “horren araberakoa izango delako gainerako euskarrien diseinu guztia”.

Azpeitia nabarmenduz

Udalaren irudi berria Eregi Azpeitiko Komunikazio enpresak egin du —Uztarria Kultur Koordinakundeak sortu zuen 2004an—, Iñaki Martinez diseinatzaileak. Irudia lantzeko oinarri Udalaren harmarria hartu du diseinatzaileak: “Oinarrizko elementuak, otsoak eta pertza, jaso ditugu irudi berrian lerroen bidez. Bestetik, Azpeitia nabarmendu dugu, eta batik bat p. Hizki hori nabarmendu dugu, Azpeitia Izarraitz azpian dagoen herria delako”. Udalaren irudi berriari “itxura garbia” eman nahi izan diola nabarmendu zuen Martinezek. Irudia bi koloretan egin du, grisean eta okrean: “Grisa, gaur egun asko erabiltzen den kolorea delako, eta okrea, kolore beroa izanik, irudiari goxotasuna emateko”.

Azpeitian Zer? udal aldizkaria ez dute diseinu aldetik bakarrik berritu; atal berriak sortu dituzte eta “informazioa lantzeko modua” ere aldatu egin dute, alkateordearen esanetan. “Udal aldizkaria izango da eta, beraz, Udalak lantzen dituen gaiei eta hartzen dituen erabakien berri emango du. Izan ere, herriko beste hainbat gai jorratzeko beste euskarri batzuk badaude”. Udal aldizkari berrituaren lehen zenbakia datorren astean kaleratuko dute.

Edukian herritarren hitza

Aldizkariak, herritarren iritzi gehiago jasoko duela nabarmendu dute: “Udala egiten ari den lan bati edota pil-pilean dagoen gaiaren inguruko inkesta egingo da. Oraingo honetan, esaterako, Erdi kalea oinezkoentzat jartzearen inguruan galdetuko dugu”. Herritarren iritziak eta iradokizunak jasotzeko buzoietan (igerilekuan, Kiroldegian, liburutegian eta udaletxean daude) jasotakoek ere lekua izango dute aldizkarian. Ildo horretatik, herritarren iritziak jasotzeko buzoiek harrera ona izan dute, udal arduradunen arabera: “Harrituta gaude buzoiek izan dute harrerarekin; astero herritarren hamaika gutun, ekarpen eta iradokizun jasotzen ari gara”.

Herritarren iritziko atalaz gainera, Udaletik lantzen ari diren gai baten inguruko erreportajea egingo dute. Atal horretan ere, herritarren eta herriko taldeen eta eragileen iritzia jasoko dute.

Herriko auzoek eta bazterrek ere euren atal propioa izango dute aldizkari berrituan. “Udal Gobernuarentzako, herri baten eraikuntzan garrantzitsua da auzoak bizirik izatea. Horregatik, atal berezia izango dute”.

Hileroko udalbatzarrean “hartutako erabakien laburpena” ere jasoko du aldizkariak beste atal batan.

Udaleko irudi berria bezalaxe, aldizkari berrituaren diseinua ere Eregiko diseinatzaile Iñaki Martinezek egin du, eta kasu honetan ere “diseinu garbia” lortzea izan du helburu.

Udal aldizkaria

Aldizkaria. Azpeitian Zer? udal aldizkaria.
Argitaratzailea. Udala.
Disenatzailea. Eregi. Iñaki Martinez disenatzailea.
Aldizkari berrituaren lehen zenbakia. Datorren astean kaleratuko dute.
Ale kopurua. 6.500 ale.
Orrialde kopurua. 16 orrialde.
Urteko zenbaki kopurua. 11.
Koloreak. Barrua bi koloretan izango da eta azala eta kontrazala, berriz, koloretan.