Azpeitiarren arteko surf txapelketa bihar, larunbata, Zarautzen

Uztarria.eus 2008ko urr. 24a, 19:10

Lehenbizikoa da eta 29 parte-hartzaile ariko dira. Kanala bezala ezagutzen den inguruan egingo dute

Kanporaketak 09:00etan hasiko dira; finalak, berriz, arratsaldez jokatuko dituzte

Surferako zaletasuna indarrean da Azpeitian. Kostaldeko herri gehienetan egin ohi dutenari jarraituz, Azpeitiko surf zaleek ere euren artean lehiatzeko aukera izango dute bihar (larunbata, urriak 25). Herrian ez, noski. Zarautzen izango dute hitzordua, Kanala izenez ezagutzen den inguruan, hain zuzen. Kanporaketak 09:00etan hasi eta goiz osoan zehar luzatuko dira (hamaiketakorako tartea kenduta). Finalak, berriz, arratsalde partean jokatuko dituzte.

Azkenean 29 lagunek hartuko dute parte Azpeitiko Lehenengo Surf Txapelketan. Azpeitian surfean maiztasunez aritzen direnak gehiago dira, 50etik gora bai, antolatzaileen esanetan; baina lan-kontuak eta bestelakoak tarteko, denek ezingo dute biharkoan Zarautzen aritu.

Lagunartean

Biharkoari txapelketa izena eman diote eta lehiatuko direnen arteko pikeak ere ez dira faltako. Hala ere, lagunarteko giroa nagusituko da, txapelketaren ondoren parte-hartzaile guztiak elkartuko dituen afariarekin bukatuko baitute eguna..

Azpeitiko Lehenengo Surf Txapelketaren hazia ere afari batetik sortu zen, gainera. Antolatzaileek azaldu dutenez, "herriko surflariak urtean behin afari batean elkartzen garan eta hortik atera zen txapelketa egitearen kontua. Baina pretentsio handirik gabe, lagunarteko gauza bat bezala".

Azpeitiarren arteko txapelketa den arren "ateak inori itxi ez" dizkietela ere nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, beraiei beste leku batzuetan horrelakorik gertatu izan zaien arren.

Olatu onak espero

Eguraldi eta olatuen aurrikuspenari dagokionez, kexarako aitzakiarik ez dutela izango dirudi. Bihar Zarautzen olatu "oso onak" izango dituztela espero dute, eta eguraldi gozoa.