Azpeitiko EAJk bere presidentearen etxean egindako pintadak salatu ditu

Uztarria.eus | Politika
2008ko urr. 23a, 17:10

Gaur, osteguna, goizaldean agertu dira pintadak; diana baten barruan EAJren herriko presidentearen izena agertzen zen eta bestean alderdiarena.

Azpeitiko EAJk komunikatua plazaratu du, gertaera salatuz

Azpeitiko EAJk komunikatua plazaratu du gaur, osteguna, bere presidentearen etxe sarrerako paretan agertutako pintadak salatzeko.

Jeltzaleek komunikatuaren sarrerakoan azaldu dutenez gaur, 07:45ean lanerako atera denean ikusi ditu aipatu pintadak Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidente Pello Elorzak. Bi pintada ziren, "bat bere izena diana baten barruan sartuta zuena, etxeko sarrerako paretan, eta beste bat pixka bat gorago, PNV diana batean sartuta zuela".

Gertaera hori dela-eta, sei puntuko idatzia zabaldu du Azpeitiko EAJk komunikabideetara. Hona hemen sei puntuak:

  1. EAJ alderdia, alderdi demokratiko bat da, bere lana bide politiko hutsetatik egiten duena, Azpeitiko herritarrez osatua eta Azpeitiko herriaren alde lanean ari dena.
  2. Harrigarria egiten zaigu, bere buruarentzat demokrazia eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzen ari den jendeak besteen eskubideak eta demokrazia ukatuz era horretako pintadak egitea, pertsonak eta alderdiak mehatxatuz.
  3. Euskal Herrian, eta Azpeitian gure kasuan, era askotako pentsamoldeak dituen jendea dago, eta denek dute bere iritziak askatasunez emateko eskubidea. Guri hala eskatzen zaigu —eta betetzen dugu—, eta guk ere hala eskatzen diogu besteei gurekiko. Azpeitiko EAJk inoiz ez du inor mehatxatu bere iritzi politikoengatik, eta guk ere hala nahi dugu gertatzea gurekin.
  4. Egituraketa politikoak ematen du aukera —eta aukera hori erabiltzen dugu alderdi guzti-guztiok— nork bere ideia politikoak defendatzeko, egitura instituzional ezberdinetan. Horrek izan behar du bidea, eta ez pintadek adierazten dutena.
  5. Esijitzen diogu Azpeitiko alderdi politiko eta herritar guztiei era honetako ekintzak salatu eta gaitzetsi ditzatela, inolako salbuespenik gabe eta inolako aitzakiarik gabe.
  6. Gure itxaropena da era honetako gertakizunak Azpeititik desagertu egingo direla, eta herriaren alde beti erabili behar diren arma bakarrekin egingo dugula: hitzarekin, debatearekin eta denon ideiak elkartrukatu eta adostasunera iritsiz.
Bidali:  

Erantzunak

maddik | 2008-10-24 : 16:10

Pintada hauek egiten dituztenak ez al dituzte Arnaldo Otegi Elgoibarren aldizkarian esandakoa kontuan hartzen?
"Abertzaletasunak ehun urte daramatza Euskal Herria askatzen, baina Euskal Herria ez dugu askatu. Beraz horrek zerbait esan nahi du: zerbait gaizki egin dugu. Eta nik uste dut erreflexioak hortik abiatu behar duela independentismoan. Ez zait interesatzen EAJ-PNV independentista den ala ez eztabaidatzea, edo EAJ-PNVk gauza bat egiten duen ala ez. Independentistok azterketa sakona egin behar dugu. Europan badira adibide argiak nondik etorri daitezkeen ikusteko.
EAJ-PNVk erabakiko du zer den. Gu, bai. Gu independentistak gara eta ez dugu zain egon behar EAJ-PNVk zer egiten duen eta zer ez duen egiten. EAJ-PNVk erabakiko du zer egiten duen eta gainera eskubide osoa du. Guk independentista direnei bide bat eskaini behar diegu, baita EAJ-PNV barruan ere bai. Eta hori da gure erronka".
Hortaz, pintada egileok, noiz utziko duzue pakean PNV?! Hori da obsesioa hori!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu