Parte-hartze handia izango du XXVI. Urrakira Igoera auto lasterketak

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 23a, 11:10
Villaverde, Apalantza, Del CId, Unanue eta Cuesta, ezkerretik hasita. (Nerea Uranga).

Hamabost auto gidari azpeitiar hartuko dute parte lasterketan

Etzi autoen azterketa teknikoak egingo dituzte, eta proba igandean jokatuko da; faborito nagusia Fran Cobo da

Igande honetan XXVI. Urrakira Igoera auto lasterketa jokatuko da, 10:00etatik aurrera. Proba Azpeitiko Lagun Artea eskuderiak antolatu du eta Euskadiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Txapelketetarako puntuagarria izango da. Aurtengo igoerak parte-hartze handia izango du, gainera. Guztira, 78 auto gidarik eman dute izena, Euskadiko Txapelketan baino 25 gehiagok.

Gidari azpeitiar asko

Horrekin batera, azpeitiarren eta inguruko herrietakoen parte-hartzea nabarmendu zuen Urrakiko Igoerako zuzendari eta Lagun Artea eskuderiako kide Michael Del Cidek, herenegungo prentsaurrean. Izan ere, 15 auto gidari azpeitiarrak dira eta 3, berriz, errezildarrak. "Horrek agerian uzten du Azpeitia herri autozalea dela".

Igoerako zuzendariak, aldi berean, lasterketa garaian "jarrera egokia" izan dezaten eskatu zien zaletuei. Izan ere, Jaizkibelgo Igoera bertan behera utzi dute aurten, ikusleen portaera eskasagatik, eta "ez dugu nahi beste probatan gauza bera errepikatzea". Oro har, zaletuek jarrera ona erakusten duten arren, "bestela jokatzen duten batzuengatik neurri batzuek hartu behar izaten dira, beti ere ikuskizunaren kalterako".

Euskadiko Automobilismo Federazioko presidente Manolo Villaverdek eta Azpeitiko Udaleko Kirol zinegotzi Manuel Unanuek, beraien aldetik, "toki seguruetan jartzeko" eta "bide bazterrak txukun uzteko" eskatu zien auto lasterketara joateko asmoa dutenei. Horretaz aparte, Urraki inguruko baserrietakoei barkamena eskatu nahi izan zien Unanuek, "gisa honetako ekimenek egiten dien enbarazuagatik". Ondorioz, baserritarrak kontuan hartzeko eta horiei erraztasunak emateko eskatuko zien antolatzaileei .

Cobo, faborito nagusi

Lasterketako faborito nagusia Fran Cobo da, Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetako liderra. Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidente Iñigo Cuestarentzat ere Cobo izan daiteke Urrakiko aurtengo irabazlea. Hala ere, Gorka Apalantza errezildarra "gertu" izango duela adierazi zuen. Apalantzak, ordea, auto lasterketa irabaztea "zaila" dela adierazi zuen, "ez baita erraza izango Cobo, Egozkue... eta horien aurretik helmugaratzea".

Lasterketa egunean, igandean, Urrakiko errepidea 09:00etarako itxi egingo dute. Beraz, ordu horretatik atzera lasteketera doazenek Landetako industrialdean utzi beharko dute euren autoa. Igoera goizean zehar jokatuko da eta sariak 14:30eak aldean banatuko dituzte. Autoen azterketa teknikoak, bien bitartean, larunbat arratsaldean egingo dituzte epaitegi aurreko aparkalekuan.

Parte-hartzaileak

Kopurua. 78k eman dute izena; horietatik 19 eskualdeakoak dira.

Faboritoak. Fran Cobo, Alberto Alonso, Egoi Eder Valdes, Aritz Egozkue eta Gorka Apalantza

Eskualdeko gidariak

Azpeitia. Iñaki Alberdi, Joxe Labaka, Jon Arregi, Iñaki Aiertza, Aitor Lazkano, Egoitz Bereziartua, Iraitz Orbegozo, Xabier Gurrutxaga, Xuban Uzkudun, Urtzi Oteiza Kaito, Andoni Oruezabal, Ibon Otaegi, Mikel Arregi, Jesus Etxeberria eta Iban Etxaniz.

Errezil. Gorka Apalantza, Ramon Apalantza eta Gorka Agirretxe.

Zumaia. Eneko Iraola.