XIII. Mendiko Argazki Rallya azaroaren 2an izango da

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 22a, 11:10

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu du argazki rallya, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean

Rallyaren ibilbidea Aizarna inguruan izango da

Azaroaren 2an izango da XIII. Mendi Argazki Rallya, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Rallyaren ibilbidea Aizarna inguruan izango da, goizean zehar.

Parte hartzeko izena egunean bertan eman behar da. Hori egiteko bi aukera jarri dituzte: Argazki Elkartearen bulegoan 09:00etatik 09:30era bitartean edota Aizarnan bertan jarriko duten postuan. Helduek bost euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik beherakoentzako doakoa da.

Goiz guztian zehar Aizarna inguruan antolatutako ibilbidean ibili ostean, 13:30ean Aizarnako elizako arkupetan argazki makinaren txartelak deskargatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Argazkitan jaso beharreko gaiak izena emateko orduan aurreratuko dituzte antolatzaileek, eta partaide bakoitzak 50 argazki ateratzeko aukera izango du jarraian. Ondoren argazkiak aukeratzeko modua ere izango dute partaideek, eta aukeratutakoak azaroaren 9rako bidali beharko dituzte.

Helduei eta gazteei sariak

Helduetan bost sari banatuko dituzte: lehena, 180 eurokoa; bigarrena, 150 eurokoa; eta hirugarrena, 120 eurokoa; Azpeitiko lehen sailkatuari emandako saria, 90 eurokoa; eta argazki onenaren saria, 60 eurokoa. Garaikur bana ere jasoko dute. 16 urtetik beherakoen artean hiru sari banatuko dituzte.