Herriko bi abesbatzek elkarrekin jardungo dute Udazkenean Abesbatzak-en

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 22a, 11:10
Julian Barrenetxea abesbatza aurtengo Inauterietako kontzertuan, udaletxeko arkupetan. (Nerea Uranga)

Larunbatean Urrestillako abesbatzak eta Julian Barrenetxeak elkarrekin abestuko dute Urrestillako elizan

Aurten lau abesbatza ikusteko aukera izango da, horien artean, Hego Afrikatik etorritako bat

Larunbatean hasiko da Udazkenean Abesbatzak. Aurreneko ekitaldian Urrestillako abesbatza eta Julian Barrenetxea abesbatza elkarrekin ariko dira, Urrestillako elizan, 19:30eko meza ondoren. Aurreneko aldiz jardungo dute elkarrekin. "Julian Barrenetxeakoak noiz edo noiz Urrestillara joan gara abestera. Baina, bertako abestzarekin batera emanaldia eskainiko dugun lehendabiziko aldia da. Elkarren berri badugu, baina ia hartu-emanik ez dugu izan. Bada abeslari bat, Maixux Iriarte, bi abesbatzetan dabilena eta haren bidez antolatu dugu emanaldia. Polita da elkarrekin gauzak egitea, eta behintzat aurrenengo pauso bat emango dugu oraingo honetan", dio Jaime Amenabarrek, Julian Barrenetxea abesbatzako zuzendariak.

Abesbatza bakoitzak bere emanaldia eskainiko du larunbateko saioan, eta biek elkarrekin G.F. Haendel-en Canticorum Jubilo abestuko dute, Jaime Amenabarrek zuzenduta. "Aste honetan elkarrekin entsegu bat egingo dugu abestia prestatzeko", zehaztu du Amenabarrek. Gainontzean, Julian Barrenetxeak elizako eta folklore kantuak abestuko ditu; "folklore kantuen artean bat ezik beste guztiak euskal kantak izango dira".

Herriko bi abesbatzen saioa aurtengo Udazkenean Abesbatzak egitasmoko aurrenekoa izango da. Ekimena Udaleko Kultura Batzordeak antolatzen du, baina herriko abesbatzak kontuan hartuta: "Kultura Batzordeak herriko abesbatza kontuan hartzen du eta beti galdetu ohi digu abesbatza zehatzen bat ekartzeko gogoa al dugun, edota elkartrukeren bat egin nahi al dugun...".

Abesbatzen lanaren erakusle

Udazkenean Abesbatzak ekimenak herriko abesbatzen lana erakustarazteko balio duela uste du Amenabarrek: "Abesbatzak zer egiten duen erakusteko, Gipuzkoako abesbatzak eta nazioarteko abesbatzaren bat ezagutzeko balio du, besteak beste. Abesbatzak entzun eta elkarren lana alderatzeko balio du".

Urtero, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen lehiaketan parte hartzen duenen bat ekartzen dute Azpeitira. Aurten, Hego Afrikako Singkronies etorriko da igandean.

2011n 25 urte

Udazkenean Abesbatzak ekimenean abestu ondorengo hitzorduak lotzen ari da orain Julian Barrenetxea: "Gabonetan izaten dugu ekitaldi gehien, eta udaberri alderako Gipuzkoan barrena saioren bat edo beste egiteko asmoa ere badugu". Aurten, ordea, kanpora irteteko asmorik ez dute abesbatzakoek, "2011.ean 25 urte beteko ditu abesbatzak, eta ordurako baitugu gordeta asmo hori".

Gaur egun Julian Barrenetxea abesbatza 30 lagun inguruk osatzen dute eta Amenabarrek kanturako gogoa dutenak abesbatzan parte hartzera animatu nahi ditu: "Kostatu egiten da jende berria abesbatzara ekartzea. Ezer berezirik ez dugu eskatzen: bi entsegu egun hartzea eta gogoa izatea".

Egitaraua

Urriak 25, larunbata. Urrestillako abesbatza eta Julian Barrenetxea abesbatza (Zuzendaria: Jaime Amenabar). Meza ondoren, 19:30ean, Urrestillako elizan.

Urriak 26, igandea. Hego Afrikako Singkronies. Zuzendaria: Johann Van Der Sandt. 19:30ean, Betharramdarretan.

Azaroak 1, larunbata. Aretxabaletako abesbatza. Zuzendaria: Angel Barandiaran. Organo- jotzailea: Jose Luis Frantzesena. 19:00etan, Loiolako basilikan.

Azaroak 2, igandea. Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatza. Zuzendaria: Silvia Hernandez. 19:30ean, Betharramdarretan.