Baigerak 90 urteko azpeitiarrak omendu ditu

Uztarria.eus 2008ko urr. 21a, 11:10

Igandean egin zuten omenaldia, Jubilatuen elkarteak antolatutako adiskidetasun bazkarian

Hamabi izan ziren omenduak, baina horietatik hiru bakarrik joan ahal izan ziren omenaldira

Baigera Jubilatuen Elkartekoak aurten 90 urte bete edo betetzear dauden pertsonak omendu zituen igandean egindako adiskidetasun bazkarian. Hamabi azpeitiar izan ziren omenduak, baina horietatik hiru bakarrik joan ahal izan ziren Kiruri jatetxean ospatutako bazkarira.

Ehun eta hirurogeita bi lagun bildu ziren, Baigerako kideak eta omenduen senitartekoak guztiak. Iñaki Errazkin alkatea ere bertan egon zen, Udaleko beste hainbat ordezkariekin batera.

Maria Arruti Bereziartua, Maria Dolores Uranga Zubizarreta eta Jose Maria Agirre Olaizola izan ziren omenaldira joan ahal izan zutenak. Hirurek zilarrezko plaka jaso zuten alkatearen eskutik. Laurogeita hamar urte bete dituzten beste bederatziak honakoak dira: Benita Lizaso Larrarte, Julia Gaztan Aizpuru, Juana Zubizarreta Unanue, Genoveva Aldalur Azkoitia, Jose María Azpiazu Lizaso, Josefa Moyan Sopo, Angela San Miguel Perez, Eduvigis Aginetxea Azpillaga eta Trinidad Sarasua Aizpuru.