Ostegunean hasiko da Triku Festie 08

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 19:10

Ostegunetik igandera bitartean hainbat kontzertu izango da

Kaleetan kontzertu sorpresak izango direla ere iragarri dute Triku Elkartekoek

Hilaren 23an, ostegunean, hasiko da Triku Musika Elkarteak antolatutako Triku Festie. Herriko plazan jarriko dute karpan hilaren 23tik 26ra bitartean, eta egunero hainbat kontzertu izango da.

Horretaz gainera, disko azoka eta taberna jarriko dituzte. Baina ez hori bakarrik, kaleetan kontzertu sorpresak izango direla ere iragarri dute Triku Elkartekoek.

Musika jaialdiari buruzko web orria ere jarri dute martxan; www.trikufestie.com da helbidea. Bertan, ariko diren musikari eta taldeei buruzko informazioa jaso dute.

Egitaraua

Urriak 23, osteguna. 21:00etan. Plazako karpan.

  • DJ Amsia. Azkoitia (Euskal Herria) eta Toulouse (Frantzia). Aurtengo Triku Festarako espreski lan bat prestatu dute, musika eta irudiak uztartuz. Triku Musika Elkartekoen arabera, "bikote berezi bezain interesgarria da".
  • NLF3.Paris (Frantzia). Hiru pertsonak osatu eta Laureau anaiek zuzentzen duten taldea da. Musika festaren antolatzaileen ustez, "Pariseko eszenako talderik erakargarrienetako bat da". Soinu-banda eta transgresio psikodelikoaren artean kokatzen da hiruko honek egiten duen lana. Ecotrophic beren azken lana aurkeztuko dute ostegunean.

Urriak 24, ostirala. 22:00etan. Plazako karpan.

  • Action Beat. Bletchley (Erresuma Batua). Triku Festako antolatzaileen esanetan, "zuzeneko indartsuak" dituen taldea da. Lau bateria, lau gitarra eta baxu batek joko dute Azpeitian emango duten kontzertuan.
  • Ala Muerte. New York (Ameriketako Estatu Batuak). Bianca Bibiloni bakarlari gaztea da Ala Muerte izenaren atzean ezkutatzen dena. Triku Festakoen esanetan, "gitarra doinuen artean ezkutatzen den ahots-zurrunbilo bat da".
  • Experience. Toulouse (Frantzia). Diabologum taldearen errautsetatik sortua da, rock-hiphop-core doinuak eta kritika soziala helburu duten hitz zorroztuak eskaintzen ditu. Hirukotea da eta Nous (en) somme encore lá diskoa aurkeztuko dute ostiralean.

Urriak 25, larunbata. 22:00etan. Plazako karpan.

  • 12 Tribu Featuring.Urola Kosta (Euskal Herria). 1995etik etenik gabe dabil taldea eta roots regaea landu dute, batik bat. Jaialdirako espreski prestatutako emanaldia eskainiko dute. Gainera, bidelagun izango dituzte Pable, Papa Cruz eta Brown Charle musikariak.
  • MC_Xander. Londres (Erresuma Batua). "Soinuen Txaman" gisa ere ezaguna omen da musikari gazte hau. Soilik bere ahotsarekin egiten du lan.
  • Dalek. New Jersey (AEB). Bikote hau "gaur egungo hip hop alternatiboaren eszenan errespetu handikoa da". Abandoned Languaje lana aurkeztera datoz Triku Festara.
  • DJ_Chelis.Zaragoza (Aragoi, Espainia). "Kalitate handiko musika nahasia eskaintzen du mugak gogoko ez dituen mutil honek", diote Triku Festakoek.

Urriak 26, igandea. 19:00etan. Plazako karpan.

  • Manyfingers. Bristol (Erresuma Batua). Chris Cole multi-instrumentista da, "gaitasun itzela du hainbat pertsonak aldi berean egingo luketena berak bakarrik sortzeko". Antolatzaileen esanetan, "ezbairik gabe sentimenduen itsasoetan kabitu ezinik datorren enbata da".
  • The Zephyrs. Edinburgo (Eskozia). 1999an sortu zen eta urteetan aldaketa ugari izan du taldeak, baina "euren modu pertsonalari fidelatsuna erakutsi diote». Taldeak egiten duen musika erritmo pausatukoa da, "geldiunerik gabekoa baina pauso sendokoa». Hauek egiten duten musika, "erritmoa, melodia eta giroa sinpletasunez jostean datza".

Berria-n argitaratutako artikulua hemen