Udalak Alde Zaharreko hiru kantoiak eraberrituko ditu

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 11:10

Erdi kaleko lanak bukatu orduko, Enparan kalerako bi kantoiak eta Eliz kalerakoa berrituko dituzte

Hiru kantoiak eraberritzeko lanak datorren urteko otsailean amaituta direla uste dute

Alde Zaharra eraberritu, lur azpiko azpiegiturak berritu eta lur zoru berria jartzeko lanak martxa onean doazela azaldu dute Udaletik. Erdi kaleko lur azpiko azpiegiturak berritzeko lanak bukatuta daude eta lur zoruan harria jartzea falta da. Langileak bertan lanean daudela eta, jarraian Erdi kaleko hiru kantoiak edota estratak (Enparan kalerako bi eta Eliz kalerakoa) eraberritzea erabaki du Udalak. Horretarako, kreditu aldaketa bidez 110.000 euro bideratuko ditu. Hori ere 2007ko likidazio gerakinetatik egingo du.

"Orain Alde Zaharreko lanekin jarraitzea erabaki dugu, 2009 arte zain egon gabe. Era horretan, Alde Zaharreko hiru kale eta muturreko bi plaza, Perez Arregi eta Plaza Txikia, eraberrituta geldituko dira", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak. Hiru kantoiak eraberritzeko lanak datorren urteko otsailaren bukaerarako amaituta egongo direla aurreikusten dute Udaleko arduradunek. Ordurako, Erdi kalearen barrenean komun publikoa ere jarriko dute.

Aurrera begira eraberritzeko lanekin non jarraituko duten erabakitzeko du Udalak.