Eguneko zentro berriaren proiektua aldatu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 11:10

Lehengo lokalari 61 metro koadroko lokala gehitu diote eta guztira 485 metro koadro izango ditu zentruak

Aldaketa horrekin, 40 lagun hartzeko tokia izango du

Damaso Azkue auzoan eraikitzen ari diren eguneko zentroaren proiektua aldatu egin dutela azaldu zuten herenegun udalbatzarrean. Horretarako, 90.000 euroko kreditu aldaketa egin dute, 2007ko likidazioaren ondoren gelditu zaien diru poltsatik.

Hirurogeita bat metro koadroko lokal bat alokatuta, aurreikusi baino handiago egin nahi du Udalak Eguneko Zentro berria. Era horretan, 485 metro koadroko zentroa egingo dute eta 40 lagun hartzeko tokia izango du.

Udaleko arduradunen arabera, lehen, lokala alokatu aurretik, 30 lagunentzako tokia izango zuen eguneko zentroak; aldaketa honekin, berriz, hamar lagun gehiago hartzeko modua du.

Gaur egun eguneko zentro berria izango den lekuan lanean ari dira eta Udalaren nahia ahalik eta azkarren lanak bukatu eta zentroa erabiltzaileen esku uztea da.