Udal tasak KPI adina igoko dira, ura eta zaborra salbu

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 11:10

Udalbatzak aho batez onartu zuen 2009rako Udal zerga eta tasen egitaraua

Martxan jarriko duten sistemarekin, zenbat eta ur gehiago kontsumitu are zerga altuagoa ordaindu beharko da

Ostegunean egindako ezohiko udalbatzarrean aho batez erabaki zuen Udalbatzak udal tasen eta zergen datorren urteko agintaraua. Horren arabera, udal tasa eta zergak KPI (Kontsumo Prezioen Indizea) adina igoko dituzte, ura eta zaborra izan ezik. Izan ere, zaborra %10 igoko da 2009an.

Uraren tasa kobratzeko sistema, berriz, aldatu egingo du Udalak. Lehen, 30 metro kubikoko gutxieneko ur kontsumoa ordaindu egin behar zen, nahiz eta urik ez gastatu edota kopuru hori baino gutxiago kontsumitu. Orain martxan jarriko duten sistemarekin, "ur gutxiago kontsumitzen duenak gutxiago ordainduko du eta gehiago kontsumitzen duenak gehiago, ura ondasun urria baita", dio Udaleko Ogasun batzordeburu Manuel Unanuek. Datorren urtean, 27 euroko uraren tasa finko bat eta kontsumitzen duten uraren araberako kuota ordaindu beharko dute herritarrek.

Azpeitiko uraren kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoako Urak enpresak datorren urtean Udalari %7,75 gehiago kobratuko diola nabarmendu du Unanuek. "Beraz, herritarrek jabetu behar dute zenbat eta ur gehiago kontsumitu are gehiago ordaindu beharko diogula Kontsortzioari. Alegia, Udalak gastu gehiago izango duela".

Udalarentzako kostua gora

Zaborraren kontuan ere gastuak igo egingo zaizkiola aurreikusten du Udalak. "2009an, bai urak eta bai zaborrak, bi zerbitzuek nahiko igoera garrantzitsuak izango dituzte Udalarentzako", gaineratu du Udaleko Ogasuneko batzordeburuak.

Uraren tasan sistema aldatzeko konpromisoa iaz hartu zuen Udalbatzak, eta datorren urterako beste bat hartu dute oraingo honetan.

Agintarau berri bat osatzen

Izan ere, Udalak diru iturri eskasak dituzten herritarrei zuzenduta agintarau bat osatu nahi du. Hala azaldu zuen udalbatzarrean IƱaki Errazkin alkateak: "Egoera ekonomiko zailean daudenentzako Udaleko tasetan eta zergetan salbuespenak arautzeko agintaraua osatu nahi dugu. Gaur egun bakarren batzuk badaude, baina horri forma eman nahi diogu". Agintarau hori datorren urtean ezartzeko asmoa dute.

Onartutako udal zerga eta tasen agintaraualdia, 2009

Zergak

KPIren arabera. Datorren urteko udal zergak eta tasak KPI adina igoko dira, hau da 4,9. Baina bi salbuespen daude: uraren eta zaborraren tasak.

Ura

Orain arte gutxieneko bat. Orain arte 30 metro kubiko ur edo 3 metro kubiko ur gastatu berdin ordaintzen zen. Gutxienekoa ordaintzen zen, 30 metro kubiko.

Orain kuota finkoa jarri dute. 27 euroko kuota finkoa jarri dute orain, "Udalari ur hornikuntza gastuak eragiten dizkiolako".

Kuota finkoa gehi kontsumitutakoa. 27 euroko kuotari bakoitzak kontsumitzen duen uraren kostua gehitu beharko zaio. Neurri hau etxebizitzetako uraren tasari, merkataritzakoari eta industriakoari ezarriko zaio.

Lehengoaren eta oraingoaren arteko alderaketa. Aldaketa honekin ur gehiago kontsumitzen duenak gehiago ordaindu beharko du eta gutxiago kontsumitzen duenak gutxiago. Alderaketaren adibide batzuk:

  • Urik gastatzen ez duenak, lehengo sistemaren arabera 37,09 euro ordaindu beharko lituzke. Baina orain onartutakoaren arabera, 28,89 euro ordaindu beharko ditu. Hau da, orain %22,10 gutxiago.
  • 15 metro kubiko ur kontsumitzen duenak, lehengoari jarraituz gero 37,09 euro ordainduko lituzke eta orain jarri duten sistemaren arabera 33,54 euro ordainduko ditu. %9,58 gutxiago, alegia.
  • 30 metro kubiko ur kontsumitzen duenak, lehengo sistemaren arabera 37,09 euro eta orain 38,18 euro. %2,93 gehiago, alegia.
  • 40 metro kubiko ur gastatzen dituenak. Lehengoarekin 48, 32 euro eta orain 50,06. Hau da, %3,60 gehiago.

Udalaren galera. Ur hornikuntzan Udalak 2008an 700.000 euro inguru galduko dituela aurreikusten du. 2009an ere galera mantentzea nahiko luke Udalak. "Gailurra jo dugulako ez da komeni galera hori handitzea", dio Udaleko Ogasun batzordeburu Manuel Unanuek.

Udalarentzat garestiago. 2009an %7,75 gehiago kobratuko dio Udalari ura kudeatzen duen Gipuzkoako Urak enpresak.

Zaborra

Bi alditan ordainduko dute. Orain arte hiru hilabetean behin ordaintzen zen eta hemendik aurrera sei hilabetean behin ordainduko da: otsailean eta abenduan.

%10 igoko da 2009an. Zaborraren tasa %10 igoko da; hau da etxebizitzen kasuan 41,21 euro kostako da ordainaldi bakoitza.

Zabortegiaren kostua gora. Udalak 2009 hasieran %8,33 gehiago ordaindu beharko dio Lapatx Zabortegiari, eta urte erditik aurrera %30 gehiago ordaindu beharko duela aurreikusten dute.

Hemen ere Udalak galera. 2008an Udalak zaborraren zerbitzuan 340.000 euroko galerak izango dituela uste du eta 2009an are gehiago galduko du, 380.000 euro gutxi gorabehera. Ogasun batzordeburuaren esanetan, datozen urteetan ere zaborraren zerga igo egingo da.