Argi-ilunak Interneten

Luistxo Fernandez (Codesyntax enpresa) 2008ko urr. 15a, 14:10

Hizkuntza Gutxituen Erronkak Globalizazio Aroan izeneko biltzarra egin zuten ostiralean, eta Luistxo Fernandez Interneteko ekintzaileak uztarria.com aipatu zuen bere hitzaldian, bigarren jarriz euskarazko weben artean. Hona hemen haren hitzaldia laburtua (osorik)

Euskal webguneen trafikoa sarean aztertuz hasiko gara. Quantcast zerbitzuan boluntarioki gehitu direnak kontuan hartu daitezkeenak, eta horien artean horixe dugu bisitarien eta ikuskatutako orrien araberako sailkapena, euskara hutsezko webguneen artean, zeren-eta webgune elebidunen trafikoaren parte euskalduna kalkulatzea beste kontu zail bat da, eta horretara iritsiko gara gero.

-Berria.info: 30.7k visitors / 232.9K pages
-Uztarria.com: 5.0K visitors / 95.7K pages
-Sustatu: 6.6K visitors / 49.4K pages
-Blogak.com: 11.3K visitors / 49.0K pagea

Lehen webgunea, Berria. Egunkari bat. Hedabide tradizional bat nolabait. Gure inguruan ere hala gertatzen da. Egunkariak Espainian, BBC bat Erresuma Batuan...

Bigarren webgune lokal bat ageri zaigu: Uztarria. Bisitari gutxiago 3.ak baino, baina orri-ikuskatze gehiago. Herri guztia konektatzen dela esango genuke. 14.000 biztanle dituen herri bati zerbitzatzen dio: Azpeitiari.

.3.a, Sustatu, euskaraz Slashdot edo BoingBoing bat izan daitekeenaren parekoa, blog kolektibo geek edo teknofilo bat, baina uler bedi bere eskala, mesedez, askoz jardun gutxiagokoa (baina, tira, horren editorea naiz, eta ni pozik nago).

Beraz, euskara hutsezko webguneak badituzte erabiltzaileak... baina estatistiketara begiratzen badugu, beste datu bat ere agertzen zaigu. Uztarria: trafiko handiko webgunea. Eta trafiko euskalduna, osoki. Baina, bakarrik erabiltzaileen %14k du nabigatzailearen konfigurazioa euskaraz.

Kontuan hartzekoa da, nabigatzailearen hizkuntza konfigurazioa dela Interneten dagoen hizkuntzaren neurgailu nagusia. Eta gure kasuan, datu okerra ematen dugu. Azpeitiarrak, euskaldunak, Googlera goaz eta Googleren aurrean, gure bisitaren hizkuntza gaztelaniaren alorrera gehitzen da.

Inportantea da jakitea nabigatzailearen hizkuntza ez dela zuk interfazea ikusten duzun hizkuntza. Izan dezakezu Firefox edo Internet Explorer euskaraz, baina nabigaziorako lehenetsitako hizkuntza, seguruenik gaztelania izatea.

Sustatu.com webgunetik kanpaina nekaezin eta pelma samarra egin izan dugu, gaztelaniazko konfigurazioa dutenei lehen orrian abisu astun hau agerrarazita: 'Tu navegador está configurado en Español'. Zure nabigatzailea gaztelaniaz dago konfiguratuta.

Kanpainak eman du bere emaitza. Gutxiengo izatetik, Sustatu-ren erabiltzaileak gehiago dira orain euskarazko konfigurazioa dutenak gaztelaniazkoa baino. Iraileko estatistiketan, %48 euskaraz, %32 gaztelaniaz.

Gure tabarra etengabeak lagunduko zuen, baina dena den, uste dugu datuak gehiago duela zerikusia Firefox-en zabalkundearekin, estatistiketan honen gorakada paraleloa izan baita euskarazko konfigurazioaren gorakadarekin.

Nolanahi ere, gogoratu dezagun, Sustatu webgune teknofiloa da. Publiko zehatz bat dauka, agian. Eta Uztarriako datua da kontuan hartu behar duguna: %14 euskaraz bakarrik.

Uste dugu kontu hau inportantea dela. Gure pisu benetakoaren pertzepzioa gutxitu egiten du Interneten. Asko bagina, tira, baina gutxi izanda...

Horregatik inportantea da euskal aurrezki kutxa batek, Donostia Gipuzkoa Kutxak, egin duena: beren 3.000 ordenagailu konfiguratu dituzte euskarazko nabigazioa lehenesteko. Azpeitiarrak enteratzen ez diren bezala, gaztelaniaz ari direla Uztarria bisitatzen, berdin ibiliko dira Kutxakoak Googlen gauzak bilatzen: baina euskararen arrastoa utziko dute hango estatistiketan. 3.000 lagun gehiago, egun batetik bestera. Gutxi da, edo asko da. Izan bitez 30.000 edo 40.000 gehiago... Euskal administrazio guztietan erabaki hori hartuko balute sistema arduradunek...

.3.000 euskaldun gehiago Googleren begietan aurrezki kutxa baten erabaki baten ondorioz... Googlek kontuan har gaitzan. Hori nahi dugu? Bai, dudarik gabe.

Googlek kontuan har gaitzan, beraz, nabigatzailearen hizkuntzaren kontua erradikalki konpondu behar dugu. Era berean, eduki gehiago sareratu behar dugu euskaraz.

Googleren aldetik, aste honetan jakin dugu detaile garrantzitsu bat ezarri dutela: euskara detektatzeko teknologia dutela ikusi ahal izan dugu. Hortik, agian, bilaketetan hizkuntza murrizpena egiteko aukerara igaroko gara. Ikusiko dugu. Bitartean, katalana aurretik doa Googleren tripetan: itzulpen automatikoko zerbitzuetan ere agertzen da orain. Hor noiz izango gara gu? tira, hor arazo estrukturalak ere badaude, gure hizkuntzaren egiturarekin zerikusia dutenak.

--

Oharra. Luistxo Fernandezek 2006ko azaroan Azpeitian emandako hitzaldiaren laburpena hemen