Loiolako Santutegiak, Dukearen etxea zenean izango du Inazioren liburutegia

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 15a, 12:10
Granada Ega Dukearen Loiolako etxearen etxaurrea. (Nerea Uranga)

Gipuzkoako Foru Aldundiak 548.000 euro emango ditu etxearen barnealdea egokitzeko

Liburutegia bost gunetan banatuta egongo da: atondoa, irakurketa gela, lau ikasleku, bilera gela, zuzendariaren bulegoa eta komuna

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Loiolako Santutegiko Inazioren Liburutegia Granada Egako Dukearen etxea zenean jartzeko proiektua onartu du. Foru Aldundiak, etxearen barnealdea egokitzeko lanetarako 548.603 euro emango ditu. Era berean, lanak egiteko kontratazio espedientea irekitzea ere onartu du. Lanak nork egingo dituen erabaki ondoren, horiek egitea egokitzen zaion enpresak sei hilabeteko epean bukatu beharko ditu.

Granada Egako Dukearen etxea zenean, (basilika eta gaur egungo liburutegiaren arteko eraikina) beheko solairuan erabilera anitzeko espazioa jarriko dute; erakusketa eremu gisa erabiliko den deanbulatorio bat izango du. Bigarren solairuan, Inazioren Liburutegiko liburuen bilduma eta Loiolako San Inazioren irudia aztertzen ari diren adituen lan eta ikerketa guneak egongo dira.

Etxearen beheko solairuak 98,48 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, hiru gelatan banatuta: deanbulatorioa (erakusketa eremu gisa ere erabiliko dena) eta 43,64 metro koadro izango dituena; erabilera anitzeko 50,23 metro koadroko aretoa (40 lagunentzako eserlekuekin eta hitzaldiak emateko ikus-entzunezko materialarekin) eta komuna. Beheko solairutik bigarren solairura eskailera edota igogailu bidez igotzeko aukera izango da.

Inazioren Liburutegia etxearen bigarren solairuan egongo da. Liburutegiak 280,06 metro koadroko azalera izango du eta bost gunetan banatuta egongo da: atondoa, sei ikasleku izango dituen irakurketa gela, lau ikasleku eta gutxienez hamar pertsona hartzeko bilera gela, zuzendariaren bulegoa eta komuna. Liburutegiak datuen barne-sarrerako instalazioa izango du, ikaslekuetan Interneterako ADSL sarbidea izateko.

Loiolako Liburutegiko zati bat jasoko du Inazioren Liburutegiak

Loiolako Liburutegian 132.000 liburu daude eta horietatik 6.500 inguru San Inazioren ingurukoak dira

Inazioren Liburutegiak jasoko duena Loiolako Liburutegian dago jasota gaur egun. San Inazioarekin lotura duten 6.500 liburu inguru hartuko ditu Inazioren Liburutegiak: Jesulagunen Konpainiarenak, San Inazioren biografiak, autobiografiak, gogo-jardunak, lan osoak, epistolarioa...

Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkariaren 2007ko abenduko zenbakian adierazitakoaren arabera, 132.000 liburu daude erregistratuta Loiolako Liburutegian, eta 10.000 artxibo. Horien guztien artean daude jasota Inazioren Liburutegia osatuko dutenak ere. Baina, orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hartu duen erabakiaren ondorioz, laster toki berria izango dute San Inaziorekin lotutako liburuek: Granada Egako Dukearen etxea zena.

Eduki zaharrenak Loiolan

Loiolako Liburutegia eta Artxiboa, aurrez aipatutako Uztarria aldizkarian aipatzen denez, 1997ko uztailaren 24an inauguratu zituzten ofizialki eta jendearentzako orduko urrian zabaldu zituzten. Eduki zahar gehien jasotzen duen Euskal Herriko liburutegia da Loiolakoa: 1.500 urte aurrekoak diren 37 lan jasotzen ditu eta 1900. urte aurrekoak 40.000 inguru.

Loiolako Liburutegiko fondoetako bat San Inazioaren ingurukoa da, baina bestelako gaiak jorratzen dituzten lanak ere badaude: Liburu zaharren atala, Euskal liburuak, XX. eta XXI. mendeak eta musika.

Loiolako artxiboan, 10.000 lan dituzte erregistratuta eta tartean San Inazioren ingurukoak ere badaude. Uztarria-n esaten denez, fondo hauek ditu artxiboak: San Inazio eta bere familia; Loiolako Santutegiaren artxiboa; Jesulagunen Konpainia; Historia zibila eta Gipuzkoako Familien artxiboak.