Grumalen 44 langile kaleratzeko Enpleguaren Erregulazio Txostena proposatu du zuzendaritzak

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 14a, 13:10

"Egoera egonkorragoan jarriko litzateke enpresa", diote lantokiko arduradunek

Grumalen 230 langile daude, eta egur arloko tailerra da

Hil honen hasieran, Azpeitiko Azcue y Cia enpresako langileek mobilizazioak egin zituzten, hainbat lankide kalera bota zituztela salatzeko. Orain, berriz, Grumalen, enpresako zuzendaritzak 44 langile kanporatzea proposatu du Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez, eta orain sindikatuekin eta langileekin hizketan ari dira.

Grumal egurraren arloko enpresa da. 230 langile inguru ditu. Gaur egun enpresa bakar bat da Grumal, garai bateko lau enpresek osatutakoa: Perfima, Laguntzaile, Pemec eta Seitu. Orain hiru urte, 2005eko martxoan enpresaren %70 Fagor etxetresna elektrikoen enpresak erosi zuen, 2010 martxorako kooperatiba bihurtzeko asmoarekin. Enpresako Langile Batzordean gehiengo ordezkaritza ELA sindikatuak du zortzi ordezkarirekin; LAB sindikatuak, berriz, bost ditu.

Zuzendaritza: jarrera finkoa

Grumal enpresako Bittor Aranzabal kudeatzaileak Urola Kostako Hitza egunkariari adierazitakoaren arabera, joan den uztailean langileekin eta sindikatuekin bilerak hasi zituen aurrera begirako egoeraz hitz egiteko. Aranzabalen esanetan, eskarien sarrera jaitsi egin da enpresan eta "beste maila batean ari gara lanean". Joan den hilean, joan den urteko datuarekin alderatuta, eskariak %34 baxuagoak izan dira. Kontuak horrela, "ajuste bat" egin beharra dagoela uste du. "Azken bi asteotan irakurritakoak eta entzundakoak eta gero, gauzak ez daude samurrak. Orain arte krisi inmobiliarioa egon da eta orain finantzieroa batu zaio. Gure ustez, guk proposatutako neurriekin enpresa egoera solidoagoan jarriko litzateke. Gure asmoa errentagarritasunari eustea da, eusten diona aurrerago ere beste egoera batean egongo delako, askoz egonkorrago".

Zuzendaritzaren helburua enpresako Langileen Batzordearekin akordiora iristea da. "Adostasun osoa lortzea zaila izango da, baina behintzat gure ikuspegia ulertzea eta halako Txosten onargarri bat osatzea nahiko genuke. Ez dugu nahi negoziazio prozesua traumatikorik eta gerrakorik", dio Grumaleko kudeatzaileak. Dena den, enpresako zuzendaritzaren jarrera "finkoa" da: "Txostena egiteko erabakia ez da bi ordutako lanaren emaitza, joan den hilabete osoan hori lantzen jardun dugu".

Grumaleko Langileen Batzordean ELAk du ordezkaritza handiena, baina sindikatu horrek ez dio adierazpenik egin nahi izan Urola Kostako Hitza-ri.

LAB sindikatuaren arabera, berriz, Grumaleko zuzendaritzak proposatutako Erregulazio Txostenaren inguruan akordiora iristea "zaila" da, "guk lanpostuen defentsa egingo baitugu". LABekoen esanetan, orain martxan jarri nahi duten Erregulazio Txostena "Grumal kooperatiba bihurtzen denerako garbiketa egiteko modu bat da".

Kooperatiba egiteko bidean

Grumal enpresa eskuz aldatu zen 2005eko martxoan. 18 milioi euroren trukean Fagorrek erosi zion Masco Corporation Ameriketako Estatu Batuetako konpainiari.

Salerosketa hitzarmenean jasotakoaren arabera, bost urteren buruan Grumal kooperatiba egiteko asmoa du, langileak kooperatibista eginez. Grumaleko kudeatzailearen arabera, "orain hiru urte hartu zen 2010ean kooperatiba egiteko erabakia. Orain, egoera berri hau egokitu da, eta bi ekintzek denboran bat egin dute".