Beti arte, Kabra!

Xabier Aranburu Telleria (Lizarra) | Iritzia
2008ko urr. 13a, 17:10

Bernardo Aizpitarte Arruti Kabra lehengo astean hil zen

Eskerrik asko, Kabra, zure lagunen artean onartzeagatik, zure etxea guretzat zabalik eduki eta bai Marije eta bai zugandik halako harrera beroak eskaintzeagatik. Adiskidetasun horrek eraman gaitu elkar ezagutzera, eta hainbat gauza ikasi ditut zugandik. Bada urte mordoxka militante bezala ezagutu zintudala, baina onartu behar dut oraingo garaian sentitu zaitudala gertuago.

Ideiak beti garbi edukita, zure bidea egiten jarraitu duzu, balorazio sozialari eta sortutako erreakzioei muzin eginez. Bide hori jarraitu duzu zure antzinako lagun batzuek bizkarra eman dizuten arren. Zure ezaugarri horiek ezagunak nituen, eta, egia esan, ez naute gehiegi harritu. Beste Kabra gertuko eta maitagarriak markatu nau gehien. Bere arazoez baino gehiago besteen buruhausteez arduratutako kabra horrek. Harturiko konpromisoak betetzeko ibili beharreko denborak arduratzen ez zuen kabra horrek. Zer esango luke bere heriotzara arte hain ederki zaindu zenuen Santosek? Beste Kabra horrek ez zuen inoiz ahaztu eta bere eskura zegoen guztia egin zuen, duela urte asko, berak behar izan zuenean, lagundu zioten pertsona horien guztien alde.

Ez dut nahi neurrigabeko alabantza bat idazterik. Alabantza hori egon zaren ospitaletara joan edo zure osasunari buruz arduraz Marijeri deitu dioten, hainbat jatorri geografiko, adin eta pentsamoldeko pertsona guztiek idatzi dute, baita arrazoi ezberdinak direla medio zure eta Marijeren ondoan egon diren arren, halakorik egin ez dutenak ere.

Beti arte, Kabra!

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Uztarria | 2008-10-21 : 10:10

Hi, Kabra: Hire heriotzak sentiarazten didan amorru eta inpotentzia kanporatu nahian, berandu datozen hitz hauek.

Eskerrik asko, Zaharra, asko ikasi bainian hirekin, garai batean funtsezkoa izan zen borroka antikapitalista eta antiautoritarioan bizi izan zenituzten garai ameslari eta borrokalari haiek gurekin banatzeagatik. Zuek bizitako batallitak entzuten orduak igaro nituen, zur eta lur gelditzen nintzen zein inplikazio maila zenuten garai haietan, borrokan, etengabe, justiziaren alde, kapitalismoaren aurka. Asanbladatan askotan sentitzen nian hire konplizitate begirada emakume bezala, ulertuko bahu bezala zein gogorra zen batzuetan, medio hauetan, emakume izatea. Askotan sentitu nauk ulertua, sentitua, baloratua. Gertu sentitu hindudan orduan, gertu ginenean, astez aste, antolatuz, gizarte suntsitzailearen aurka. Baina gertu aspaldian ez ginenean asko ikusten. Ni, nire amatasun amaigabean ez bainauk kalean hainbeste inplikatu. Hala ere, hi ikustean sentiarazten hidan, umegintzan ere iraultza egiten ari ninduala, borrokan ari ninduala eta hor ere gertu sentitzen hindudan, Zaharra.

Besarkada bat, Kabra. Hagoen lekuan izanda, hire ondoan elkartuko gaituk, bizitza justu baten alde. Damu bat zaukaat, Zaharra: koldarkeria eta utzikeriagatik hi agurtu ez izana. Berandu datozen hitz busti hauekin, agur eta ohore, Kabra!

Idoia Azkarate.Soraluze.

iinaki | 2008-10-27 : 09:10

Agur bero bat Bernardo eta mila esker izan aizean bezelakoa izateagaitik.Bezarkada bero bat Marije.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu