Astearte gauean ura moztuko du Udalak sei orduz

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 13a, 11:10

Landetan hasi eta zatika herrigune osoan kenduko dute ura

Ur hornikuntzan urak zein eremutan egiten duen ihes jakin nahi du Udalak

Udalak astearte gauetik asteazken goizaldera bitartean, 23:30etik 05:00ak arte, ura moztuko du landetan hasi eta herrigune guztian zehar. Era horretan, ur hornikuntzan urak non egiten duen ihes jakingo du Udalak.

Landetan hasiko dira ura mozten eta guneka herri osoan kenduko dute ura. Urak zein gunetan edo hoditan egiten duen alde jakingo dute horrela. Ondoren, urak ihes egiten duen eremu horietan konponketak egingo ditu Udalak.

Neurri honekin, ur kontsumoa era egokian egitea bermatu nahi du Udalak. "Askotan, ur hodietatik ihesak daudelako ur asko alferrik galtzen da, eta hori saihestu eta ur kontsumo egoki bat ematea nahi dugu". Udalak, aurreratu duenez, aurrera begira ere ur kontsumoaren inguruan beste hainbat neurri hartzeko asmoa du.

Landetan hasiko dira

Astearte iluntzean, 23:30ean, Landetan moztuko dute ura. "Horrelako mozketak normalean gauez egiten dira eta industrialdeetan hasten gara ura mozten", azaldu dute Udaleko teknikariek.

Neurri honekin ur hornikuntzan urak nondik egiten duen ihes jakingo dute. "Hori azterketaren lehen pausoa izango da. Gero, azterketa sakonago bat egin beharko dugu jakiteko zein eremutan galtzen den ur gehien".