San Agustinpeko lanak urtearen amaierarako bukatuko dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 10a, 11:10
Soreasuko eraikina urtearen amaierarako bukatuko dute. (Nerea Uranga)

Ondoren ekipamendua egitea faltako da; horren inguruan txostena prestatuko du Kultur Mahaiak

Soreasuko kultur gunearen bi eraikinen kanpoaldeko lanak ere urte amaierarako bukatuko dituzte

Aste honetan bertan, San Agustinpeko aretorako sarreran aldapatxoa egiten ari dira. Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, San Agustinpeko ikus-entzunezko aretoa egiteko lanak urtearen bukaerarako amaituta egongo dira; horren ondoren ekipamendua egitea faltako da. Protokoloaren arabera, epe horretarako egon beharko lukete lanek bukatuta. Horiek ez dira, ordea, urte amaierarako bukatu dituzten lan bakarrak: Soreasuko kultur gunearen bi eraikinen kanpoaldeko lanak ere urte honen amaierarako bukatuko dituzte, apirilean Urola Kostako Hitza-k aurreratu bezala.

"Azpiegitura garrantzitsua"

Joan den uztailaren hasieran, Kultur Mahaiak azkeneko urte eta erdian egindako ibilbidearen berri emateko egindako prentsaurrean adierazi zuenaren arabera, "San Agustinpe azpiegitura oso garrantzitsua izango da herriko talde guztientzako, kokapena egokia delako, handia delako, aukera onak eskainiko dituelako...". Hori dela eta, "lehentasunezko" ildotzat jo zuen, kultur ekintzen egutegiarekin batera.

Dena dela, Kultur Mahaikoek aurrez aipatutako agerraldian azaldu zutenez, San Agustinpeko proiektuan hainbat kontu aldatzeko beharra ikusten zuten, gaur egunera egokituz: "San Agustinpeko birmoldaketa proiektua orain dela hamar urteko beharrei erantzuna emateko egin zen, baina harrezkero Azpeitian azpiegitura arloan egoera asko aldatu da". Egin beharreko aldaketen berri Udalari ere eman zion Kultur Mahaiak, eta Udalak onartu egin ditu horiek.

Bestalde, Kultur Mahaiak txostena egin du San Agustinperako ekipamenduen inguruan. Hori osatzerakoan herriko taldeen beharrak kontuan hartu dituztela adierazi zuen uztailean Kultur Mahaiak. "Era horretan, bertan edozer motako ekitaldiak egiteko aukera izango da", zioen.

Soreasun eraikinak bukatzear

Soreasuko eraikin zaharra 2006ko maiatzean bota zuten eta orduan eraikin berria egiteko lanak hasi zituzten. Aurrena, lur azpian bi solaiko aparkalekua egin zuten autoentzat. Horren ondoren, kanpoko bi eraikinak egiten hasi ziren: bata auditorioa izango da eta besteak, berriz, lokalak hartuko ditu. Eraikin horiek bukatzear daude. Jarraian, ingurua hiritartzeko asmoa du Udalak.