Udalak taldeei gonbitea egin die Azpeitiaren 700. urtemugako antolaketan parte hartzeko

Uztarria.eus 2008ko urr. 9a, 19:10

Herriak bi urte barru beteko ditu 700 urte Hiri Gutuna eman ziotenetik

Oraingoz, Kultura Batzordeak bi lan talde osatuak ditu, baina elkarteen parte-hartzea ere "ezinbestekoa" dela dio

Azpeitiko herriak 2010. urtean 700 urte beteko ditu Hiri Gutuna eman ziotenetik, eta Udalak herriko kultur taldeei dei egin die ospakizun hori dela-eta antolatuko diren ekitaldietan parte hartzeko, baita antolakuntzan ere. Gutuna bidali die horretarako.

Udaleko Kultura Batzordea legealdia hasi berritan jarri zen 700. urteurreneko antolaketa lanean, eta bi batzorde osatuak ditu. Bata, orokorra, ekitaldiei begira lanean ari dena eta, bestea, zehatzagoa, azterketa historikoaren antolaketa bere gain hartu duena.

Lehendabizikoan parte hartzen ari dira Iñigo Agirre, Olatz Aranguren, Imanol Elias, Jose Ramon Larrañaga, Leire Lazkano, Markel Mendizabal eta Jose Luis Otamendi.

Beste batzordea Mikel Alberdik, Imanol Eliasek, Leire Lazkanok eta Jose Luis Otamendik osatzen dute.

Besteak beste, Matxinada ikuskizuna antolatu nahi dute, 700. urteurreneko monografia edo liburuki sorta argitaratuko dute, herriko argazki zaharren bilketa…

Baina gauza gehiago antola daitezkeela-eta, Udaleko Kultura Batzordea herriko taldeei zuzendu zaie, parte hartzeko gonbitea eginez eta “adostasunez erabakitzeko beste zer ekitaldi motari heldu, nola bultza litekeen kulturaren gozamena, parte-hartzea eta gogoeta”, data hori dela medio.

“Azpeitiko herria bere nortasuna izatera iritsi da mendeen errotan, baina hori bertako biztanleen ekinari eta gogoari esker gertatu da. Uste dugu hemendik aurrera ere herri nortasun hori landu beharra daukagula, gaur bezala bihar ere nahi duguna izatera iristeko, eta horretarako ezinbesteko jotzen dugu herritarren eta herriko elkarte eta taldeen parte-hartze zuzena. Kultura, funtsean, afan aldi batean ospatzeko ezer baino areago, egunero bizi beharreko zerbait da”, dio aipatutako gutun horretan Leire Lazkano Udaleko Kultura batzordeburuak.

E-posta helbidea, lehen kontakturako

Urtemugaren ospakizunean parte hartu nahi duten taldeek eta kideek ondorengo helbide honetara idatzi behar dute, eta Udala jarriko da haiekin harremanetan:

kmte08@yahoo.es