Iganderako Dantzari Txiki Eguna antolatu du Itsasik

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 9a, 11:10
Orain dela bi urteko Dantzari Txiki Eguna.

Itsasirekin batera, dantzari txikiz osatutako beste hiru talde etorriko dira kanpotik parte hartzera

Goizeko hamaiketatik dantza saioak ikusteko aukera izango da

Itsasi Kultur Taldeak Dantzari Txiki Eguna antolatu du iganderako. Itsasiko Maite Maizen esanetan, "gun honen helburuak ikasturtean zehar egindako lanaren emaitza herrira ateratzea, herriko kaleetan kultur giroa sustatzea eta dantzari txikiek ondo pasatzea dira" .

Orain bi urte arte uztailean antolatzen zuten Dantzari Txiki Eguna, gauza asko antolatzen den garaia delako aldatzea erabaki zuten. Iaz, hasi ziren udazkenean antolatzen, "ekainean antolatzea ere pentsatu genuen, baina maiatza eta ekaina artean herri askotan antolatzen da Dantzari Txiki Eguna. Beraz, azkenean, ikasturtearen hasieran egingo genuela erabaki genuen".

Garai batean Dantzari Txiki Egunetan talde askok parte hartzen zuten, baina azken urteetan parte-hartze maila jaitsita dago. "Lehen beste edozein herritako taldeei deitu eta etortzeko prest izaten ziren, baina gaur egun ez da horrela gertatzen. Zailagoa da orain taldeak mugitzea", dio Maizek.

Igandean, Dantzari Txiki Egunean lau taldek parte hartuko dute, Itsasik eta kanpotik etorritako beste hiru taldek. Kanpotik etorritako haurrak bazkaltzeko Itsasiko dantzariek etxean hartuko dituzte, "eta denak ezin badira hartu, herriko elkarteren batean emango diegu bazkaltzen".

Egitaraua

  • 11:00. Dantzari Txiki Egunean parte hartuko duten talde guztiak elkartu eta hamaiketakoa egingo dute, herriko plazan.
  • 11:30. Dantzarien kalejira hasiko da.
  • 12:45. Dantza saioa, herriko plazan. Txankarranko, Banakakoa, Arku Dantza eta Zinta Dantza egingo dituzte.
  • 16:45. Dantza saioa, herriko plazan.
  • 17:30. Dantzarien kalejira eta ondoren dantza saioa plazan.