Erremonte profesionalera igotzeko prest

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 9a, 11:10
Etxeberria V.a eta Matxin VI.a erremonteko jokalariak.

Datorren hilean egingo dute debuta Azpeitiko Matxin VI.ak eta Aizarnazabalgo Etxeberria V.ak

Hemeretzi urte dituzte biek eta afizionatuen mailatik profesionaletarako jauzia egingo dute

Pauso bat aurrera eman eta EƱaut Oiarzabal Agirrezabala Matxin VI.a (Matxinbenta, Azpeitia, 1989) eta Joseba Etxeberria Etxabe Etxeberria V.a (Aizarnazabal, 1989) datorren hilean hasiko dira erremonte profesionalean jokatzen. 19 urte dituzte biek eta afizionatuen mailatik profesionaletarako jauzia azaroan egingo dute. Biak aurrelariak dira.

Pilotan beste matxindar bat

Matxindarrek beste pilotari bat izango dute erremonte profesionalean. Azaroan, Matxin VI.ak profesionaletan egingo du debuta. Galarretakoen arabera, aurrelaria "teknika eta indar handiko pilotaria" da. Afizionatuetan sei urtetan jokatu ondoren egingo du goiko mailan debuta. 13 urterekin hasi zen erremontean jokatzen. Azpeitiko Erremonteko Eskolan urte eta erdi pasatu ondoren, Galarretan hasi zen. 1,72 metro neurtzen ditu eta 70 kiloko pisua du.

Zestan eta eskuz ibilitakoa

Etxeberria V.a aizarnazabaldarra da, 1,84 metro neurtzen ditu eta 82 kiloko pisua du. 16 urterekin hasi zen erremontean jokatzen, baina aurretik Zumaian zesta-puntan eta esku pilotan ibilitakoa da. "Aurrelari indartsua" da, Galarretakoen arabera.

Euskal Jai Berri eta Galarreta erremonteko enpresek adierazi dutenez, datorren urtean profesionaletara beste lau pilotari igotzea aurreikusten dute.