Uztarriak dagoeneko gainditu du 1.100 bazkideko kopurua

Uztarria.eus | Komunikabideak
2008ko urr. 8a, 16:10

Harpidedunei bazkide egiteko dei egin die, Uztarriak ere krisi garaian haien ekarpen ekonomikoa behar duelako

Urtean 28 euro besterik ez dira, eta bazkide berriak ere Uztarriaren liburuak jasoko ditu

Uztarria Azpeitiko Komunikazio Taldeak gero eta babes handiagoa du, eta horren seinale da elkarteak dagoeneko gainditu duela 1.100 bazkideko kopurua. Hain zuzen, une hauetan (azaroak 27) 1.149 bazkide ditu.

Bazkideez gain, 1.400 harpidedun ere baditu Uztarriak. Herri aldizkaria etxean jasotzeagatik dirurik ordaintzen ez dutenak dira haiek —aukera hori dute—, eta elkarteak horietako hainbat lagun bazkide bihurtzeko erronka jarri du, finantzaketan aurrera egiteko. Uztarriak ere, beste komunikabide denek bezala, krisia dela-eta zailtasunak dauzka publizitatea lortzeko, eta ezinbestekoa da diru iturri berriak eskuratzea. Bazkide berriena, esaterako.

Aldizkaria etxera bidaltzea hilero 15 euro kostatzen zaio Uztarriari.

Harpidedun bakoitzari bazkide egiteko eskatuz gutuna igorri berri dio Uztarriak, eta dagoeneko haietako 59 egin dira bazkide (azaroaren 27ko datua da).

Azaroan hamar urte beteko ditu Azpeitiko herri aldizkariak, "eta euskara eta komunikazioaren aldeko herri proiektu honek aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa du harpidedunen babes ekonomikoa ere. Ekarpentxoa haientzat, laguntza izugarria guretzat", dio Uztarria Komunikazio Taldeak.

Zertarako egin bazkide? Euskaldunok geure herriko berri geure hizkuntzan izateko, Uztarria herri aldizkariaren eta www.uztarria.com webaren bidez.

Bazkide izanda, zer jaso?
-Herri aldizkaria. Hilero etxean, orain bezala, baina ekarpena eginda.
-Liburuak. Orain arte ez bezala —bazkideek baino ez dituztelako jaso—, Joxe Takolo, Patxi Altuna eta Imanol Elias-i buruzko biografiak —Angel Otaegi agortuta dago—. Liburu hauek ere bai: Loiolarik ez balitz, Euskarazko prentsa eta Azpeitia, Azpeitiarrak Espainiako Gerran, Urrestillako musika taldeak, Otsobeltz komiki bilduma eta Oroitarri bertso pasadizoak. Erdi prezioan: Azpeitiko efemerideak eta Azpeitiko mendi gida.
-CDa. Urolaldeko bertso zaharrak.

Bazkideen batzarra. Bertan iritzia emateko eta erabakitzeko ahalmena du bazkideak.

Zenbat da urteko kuota? Urtean 28 euro baino ez dira.

Bazkide egiteko nora deitu? 943 15 03 58 telefono zenbakira deitu eta datuak eman. Fitxa hau ere bete daiteke.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu