Adinekoen San Martin Egoitza datorren hilean inauguratuko dute

Urola Kostako Hitza | Hirigintza
2008ko urr. 7a, 09:10

Egoitzaren lehengo eraikina eraberritzen ari dira orain eta egoiliarrak eraikin berrian bizi dira bitartean

Lan guztiak bukatutakoan, 76 lagunentzako tokia izago da

San Martin Egoitzaren eraikin berria eta lehengo eraikina. Egoitzaren lehengo eraikina barrutik eraberritzen ari dira orain. (Nerea Uranga)  Argazki originala

San Martin egoitza azaroan inauguratuko dute handitu eta eraberritu ondoren; hala jakin du Urola Kostako Hitza-k Gipuzkoako Foru Aldunditik. Gaur egun, egoitzaren alde zaharra eraberritzen ari dira eta egoiliarrak eraikin berrian bizi dira. Egun 58 egoiliar bizi dira bertan, baina behin lan guztiak bukatutakoan 76 lagunentzako tokia izango da.

Aurreikusi baino geroago bukatuko dituzte lanak. Izan ere, 2005eko uztailean egoitza handitzeko eta eraberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Martin Egoitza Fundazioak hitzarmena sinatu zutenean, 2007. urtearen lehen hiruhilabetekoan lanak bukatuta egongo zirela uste zuten. Beraz, aurreikusi baino urte eta erdi geroago inauguratuko dute.

Gero eta zerbitzu zabalagoa

Handitzeko lanak hasi aurretik egoitzan 50 egoiliar bizi ziren. Behin aurreikusitako lan guztiak bukatutakoan, 76 egoiliar hartzeko tokia izango du. Dena dela, gehiagorentzako tokia egiteko aukera ere badago. Izan ere, aurten Karidadeko lekaimeek Azpeitia utzi egin dute eta haiek bizi zireneko solairua hutsik gelditu da. Dena dela, hitzarmena adostu zutenean ez zen aurreikusten horrelakorik.

Gaur egun, egoitzaren alde zaharrenean azken lanak egiten ari dira eta bitartean egoiliarrak eraikin berrian bizi dira.

Egoitzaren eraikin zaharra botatzen 2005eko abuztuan hasi ziren eta berria egiten, berriz, 2006ko urtarrilean. Eraikin zaharrena zegoen lekuan berri egin dute, eta eraikinitako beste bat, berriz, eraberritu.

Kronologia

  • 2005eko uztaila. San Martin egoitza berritzeko eta handitzeko hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Martin Egoitza Fundazioak. Orduan, lanak 2007. urtearen hasieran bukatuta izatea espero zuten.
  • 2005eko abuztua. Eraikin bota aurretik Miserikordiko erlojuak kendu egin zituzten, baita Miserikordiako elizako kapera, eserlekuak eta Ama Birjina ere. Erlojuetako bat Harzubia hiribideko aldean zegoen, eta bestea barrualdeko patioan. Biak makina berarekin funtzionatzen zuten. Erlojua Juan Sagastik egin zuen Arrasaten, 1815. urtean.
  • 2005eko abuztuaren 22a. San Martin Egoitzaren eraikin zaharrena botatzen hasi ziren. Eraikin berria egiten irailean hasiko zirela espero zuten, baina geroago hasi ziren, urtarrilean.
  • 2006ko urtarrila. Egoitzako eraikin berria egiteko lanak hasi ziren. Orduan 50 egoiliarrentzako tokia zuen egoitzak eta lanak bukatutakoan 76 lagunentzako tokia izatea aurreikusten zuten. Egoitza handitzeko eta berritzeko lanak 2.066.185 euro kostatuko zirela aurreikusi zuten. Gastuen %39 (798.461 euro) Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko zituela esan zuten, eta gainontzekoa %61, San Martin Egoitza Fundazioak ordainduko zuela.
  • 2006ko uztaila. Gipuzkoako Foru Aldundiak San Martin Egoitza eraberritzeko 592.800 euroko diru laguntza eman zuen. Hasieran egoitza handitzeko eta berritzeko aurreikusitako aurrekontua igo egin zuten. Proiektuak 2.223.306 euroko inbertsioa eskatzen zuela esan zuten. Ordu arte, Foru Aldundiak 266.1554 euro zituen inbertituta eta bukatu bitartean 592.800 euro jarriko zituela aurreratu zuen.
  • 2006ko azaroa. Egoitza handitzeko lanetarako Kutxak 300.000 euroko diru laguntza eman zion San Martin Egoitza Fundazioari.
  • 2008ko iraila. Karidadeko lekaineek utzi egin zuten San Martin egoitza. Era horretan, egoitzaren lehengo eraikineko solairu bat libre gelditu da.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu