Xoxoteko pistako langaren giltza berria jasotzeko epea zabaldu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 3a, 11:10
Urriaren bukaeran aldatuko dute Xoxoteko langaren sarraila. (Nerea Uranga)

Urriaren bukaeran Izarraizko langako sarraila egingo dute eta ordurako giltza berria izatea komeni da

Xoxoteko pista "behar duenak bakarrik" erabiltzea nahi du Udalak

Xoxoteko langako giltzari erabilera "okerra" ematen zitzaiolako, giltza aldatzea erabaki zuen Udalak. Hilaren bukaeran langako sarraila aldatu egingo du, eta horrenbestez, urriaren bukaeratik aurrera giltza berriarekin bakarrik izango da zabaltzeko aukera.

Azpeitiko Udalak Xoxoteko langako giltza aldatzea erabaki zuenean, giltza berria behar zutenek eskaera egin zezaten epe bat zabaldu zuen. Behin, udaletxean eskaera guztiak jaso ondoren, irizpide batzuk jarraituz giltza emango zitzaienen behin-behineko zerrenda osatu zuen. Xanet Esnaola alkateordearen esanetan, "behin-behineko zerrenda eginda zegoenean alegazioak egiteko epea zabaldu zuen Udalak". Orain, udaletxera aurkeztutako alegazio guztiak erantzun ditu Udalak eta giltza berria emango zaienen behin betiko zerrenda osatu dute.

Behin betiko zerrendan irizpide jakin batzuk betetzen dituztenak daude sartuta eta giltza emango zaienei Udalak ohar bat igorri diete, idatziz giltza emango zaiela esanez. Ohar horrekin, giltza berria jasotzera udaletxera joan beharko dute. Baina giltza jasotzeko oharrarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: giltza erabiliko duenaren argazki bat, erabiliko duenaren autoaren matrikula eta nortasun agiriaren kopia.

Giltzarekin batera txartela

Udalak giltza duen bakoitzari "pertsonalizatutako" txartel bat egingo dio, "era horretan giltzaren erabilera pertsonalizatu egin nahi da", dio Esnaolak. "Irizpide batzuk kontuan hartuta emango da giltza eta erabilera desegokia emango balitzaio Udalak giltza kentzeko ahalmena ere izango du".

Giltza berriarekin, Xoxoteko pistari erabilera egokia ematea nahi du Udalak, "Xoxoteko pista behar duenak bakarrik erabiltzea nahi dugu".

Xoxoteko pistako langaren sarraila hilabete honen bukaeran aldatuko dute, eta aldatu baino lehen erabili behar dutenek giltza berria edukitzea komenigarria da, Udalaren iritziz.

Noiz edo noiz erabiltzeko

Egun puntual batzuetan pista erabili behar dutenen kasuetan, aurrez udaletxean eskaera egin beharko dute. "Norbaitek arrazoitzen badu egun zehatz batean pista ibili behar duela edo ibiliko lukeela, udaletxean eskaera egin besterik ez du. Arrazoituz gero Udalak irekiko lioke langa. Horretarako, Udalak berak giltza sorta bat izango baitu", azaldu du Esnaolak.