Azpeitia eta Hazparne, harremana sendotzen hasteko bidean

Uztarrria.com 2008ko ira. 30a, 19:09
Beñat Intxauspe Hazparneko alkatea.

Errazkin eta Intxauspe alkateek bilera egin dute, eta aurrenak "nazio eraikuntzaren garrantzia" azpimarratu dio

Hazparnen urrian bilera egingo dute bertako elkarteek eta Udalak, Azpeitiarekin “lankidetza indarberritzeko"

Udaberria hasia zen eta Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak Hazparnera (Lapurdi) deitu zuen telefonoz, Beñat Intxauspe alkate berriari zorionak emateko, bi herriok 80ko hamarkadaren erdialdetik senidetuta daudela-eta. Izan ere, martxoaren 15etik Hazparneko alkate da Intxauspe. Agur horretaz gain, ordea, bien arteko lehen hartu-emana izateko biltzekotan geratu ziren alkateak.

Hasi da fruituak ematen komunikazio hori. Hala, uztailaren bukaeran Errazkin bera eta Xanet Esnaola alkateordea Hazparnera joan eta Intxausperekin eta lau zinegotzirekin bildu ziren. Ordezkaritza bakoitzak bere herriaren datuak azaldu zituen, sarrera gisa, eta norberaren udal antolaketaren berri ere eman zioten elkarri. Ondoren, Errazkinek eta Esnaolak Azpeitiko Udalak “nazio eraikuntzari garrantzia” ematen diola azpimarratu zieten eta urteko aurrekontuetan %1 horra bideratuta dutela. Intxauspek-eta “ondo” hartu zuten planteamendua, Azpeitiko ordezkariek diotenez.

“Elkar batzen” dituzten arloetarako bi lan ildo jarri dituzte udalek, “folklorismoa saihestu asmoz betiere”: arlo instituzionala eta herrikoa (elkarteekin-eta lankidetzan jorratzeko). Azken batean, “harremana sendotzen hasi” nahi dute, "orain arte ez baita gauza handirik egin".

Aste honetan bertan Patxi Arozarena Hazparneko alkateorde eta Kultura-Euskara-Animazio batzordeburuak Azpeitiko udal arduraduei deitu eta jakinarazi die han urriaren 18an herriko taldeen eta Udalaren arteko bilera egingo dutela, Azpeitiarekin “lankidetza indarberritu nahian".

Azpeitian orain arte, behintzat, modu soltean eduki izan dituzte bertako erakundeek haiekin hartu-emanak: Ikasberri Azpeitiko Ikastolak Hazparnekoarekin, bi gaztetxeek eduki dute elkarren berri, duela bi urte Azpeitia-Hazparne festa ospatu zen, Kinttela zezen elkarteko kideak hara joan izan dira...

UDF alderdiko euskaltzalea

Joan den martxoaren 9an egin zituzten Hazparnen udal hauteskundeak, eta Intxauspek %65,6 lortu zuen (2.368 boto). Aurretik, 70eko hamarkadatik, Jacques Coumet (UMP Frantziako alderdi eskuindarra) kontserbadorea izan zuten alkate (aurtengo bozetan Jean Ondarts eskubiko hautagaiak %34,4 bildu zuen). Coumetek ez zuen Azpeitiarekin hartu-emanik izateko batere interesik.

UDF Frantziako zentroko alderdiko kidea da Intxauspe, baina hauteskundeetan zerrenda irekia aurkeztu zuen. Tartean ziren lau abertzale.

Dagoeneko hartu eta gauzatu ditu euskararen aldeko neurri batzuk: udal euskara teknikaria kontratatu dute eta udal webean hasi dira informazioa euskaraz ere jartzen, frantsesa nagusi den arren. Intxauspek Errazkini eta Esnaolari agertu zien “euskararen aldeko konpromisoa” duela. Korrika lasterketan lekukoa eramanda dago. Euskalduna da hura.

Azpeitiko eta Hazparneko herriek 1983an hasi zituzten senidetzeko asmoz harremanak, gurean Imanol Elias alkate zela. 1986an sinatu zuten akordioa.

Hazparnen 5.500 lagun bizi dira.