Kultur taldeetako euskara planen bigarren fasea abian

Uztarria.eus 2008ko ira. 26a, 15:09

Fase berrian 17 elkarterekin egingo du lan Udal Euskara Patronatuak, hizkuntza irizpideak ezartzeko helburuarekin

Kultur elkarteko mikroplanak egitasmoa martxan jarri zenetik eman duena azaldu dute

Azpeitiko Udalak eta Euskara Patronatuak herriko kultur taldeetan euskararen erabilera sustatu eta normaltzeko urrats berria aurkeztu dute gaur, ostirala. Orain dela urtebete jorratzen hasitako kultur elkarteetako mikroplanak egitasmoak orain arte eman duena azaltzearekin batera, egitasmo horren bigarren fasea abian jarri dela aurreratu dute. 17 elkarterekin egingo dute lan fase berri honetan, hizkuntza irizpideak ezartzeko helburuarekin.

Urtebeteko lanaren emaitza

Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak gogora ekarri du prentsaurrean 2007ko irailean jarri zela martxan, EBPNren baitan, kultur elkarteetako mikroplanak egitasmoa, Azpeitiko kultur elkarteetan euskara sustatzeko erronkari eutsiz. "Horretarako herriko kultur elkarte guztiekin jarri ginen harremanetan eta egitasmoan parte hartu nahi zuten haien hizkuntza aztertu eta elkarteak euskalduntzeko planak gauzatu ditugu", azaldu du Saezek.

Hain zuzen ere, 45 elkarteri egin zieten egitasmoan parte hartzeko gonbidapena, eta azkenean 35 izan dira azken urte honetan euskararen normalizazio planean murgilduta ibili direnak. Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak nabarmendu duenez, "elkarteetan egindako hizkuntza azterketatik esan daiteke Azpeitiko elkarteek oro har euskaraz egiten dutela lan; kideen arteko harremana, antolatutako ekimenak, publizitatea... euskaraz dute. Hala ere, beste edozein jardueratan bezalaxe gaztelaniak presentzia nabarmena du inprimakietan (estatutuak...) eta ordenagailu programatan (% 7,7).

Gaizka Otamendi ariko da teknikari lanetan.