Mendia eta abentura uztartuz

urola kostako hitza 2008ko ira. 24a, 11:09
Lagun Onak elkartekoak Ganeran mendian.

Lagun Onak Mendi Bazkunakoak Bizkaian ibili dira asteburuan. Zugaztieta inguruak ikusi dituzte, Ganeran mendia igo dute eta Sopuertako abentura parkean gozatu dute haurrek eta helduek.

Datorren iganderako Erniora egunpasa antolatu dute

Lagun Onak Mendi Bazkunakoen ekimenez mendiaz eta abenturaz gozatzeko aukera izan zuten haurrek eta gaztetxoek joan den asteburuan. Bizkaiara egin dute irteera, Zugaztieta ingurura hain zuzen ere.

Larunbatean, autobusez Galdames-San Pedro herrira joan ziren eta Laia auzotik mendirako bideari ekin zioten 10:30ak inguruan. Guztira, zazpi gaztetxo eta bederatzi heldu izan ziren ibilaldian.

Eguraldi "paregabea" izan zuten ibiltzeko eta gainera, ibiltariek kamamila eta basaranak biltzeko aukera ere izan zuten. Bidean, hamaiketakoa egin eta Ganeran mendia (822 metro) igo zuten. Tontorrean haizea egiten zuenez, beherakoan haizetik babestuta bazkaldu zuten. Menditik jaitsi ondoren, PeƱas Negraseko Interpretazio Gunea eta Zugaztietako inguruak ikusi zituzten.

Igande goiza, Sopuertako abentura parkean pasatu zuten. Gero, bertan bazkaldu eta etxerako bidea hartu zuten, autobusez.

Igandean, Erniora irteera

Zugaztietako irteeraren ondoren, datorren iganderako Erniora egunpasa antolatu dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek. Igandean goizeko 08:00etan Azpeitiko plazatik irten eta Alkiza-Ernio-Trintxera mendi irteera egingo dute.

Erniorako irteeran parte hartzeko izena eman behar da ostirala baino lehen, mendizaleen tabernan. Bazkideek sei euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek zortzi euro