Hazparneko apaiza atxilotu zuten atzo, "independentisten aldeko diru zuriketa egitea" leporatuta

Uztarria.eus 2008ko ira. 23a, 13:09

Maurice Arhets atzo bertan utzi zuen libre Frantziako Poliziak

Beste bost lagun ere atzeman zituzten, eta horiek ere aske daude

Frantziako Poliziak sei pertsona atxilotu zituen atzo (astelehena) goizean Nafarroa Beherean eta Lapurdin, baina gauerako denak etxean ziren, aske, kargurik gabe. Maurice Arherts Hazparneko (Lapurdi) apaiza izan zen atxilotuetako bat —Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik—.

Sortzez Oztibarrekoa (Nafarroa Beherea) da Arhets, eta Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) ere egin izan da apaiz.

Parisko "terrorismoaren aurkako epaitegiak" agindurik, Polizia Judizialak egin zituen atxiloketak, eta duela urtebete Kalaka Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) ostatuaren aurka burututako operazioaren segida izan zela esan zuen. "Kalakaren bidez mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea" leporatzen zien atzoko atxilotuei.

Horiek, ordea, diote horretaz ez ezik, poliziek euskalgintzako eta abertzaleen arloko izen zerrenda ere erakutsi diela, galderak eginez.

Oraindik ez dago argi atxilotu bezala eraman zituzten seiak edo lekuko bezala. Laurence Levert epailearen aginduak dio "aurre-ikerketa" izan zela operazioa.

Beste atxilotuak: Arño Harispuru eta Jean Marie Irigoien (Ibarrolan atzeman zituzen), Gerard Ihidoi (Uharte Garazin), Alfred Uhart (Bunuzen) eta Xantal Zanponi (Ezterenzubin).