Santoñako atentatuaren kontrako elkarretaratzea egin dute plazan

Uztarria.eus 2008ko ira. 22a, 15:09
Hainbat lagun bilduta gaurko elkarretaratzean, plazan.

ETAk zartarazitako bonba-autoaren ondorioz, militar bat hil da

Azpeitian ere Eudelek deituta egin dute protesta ekimena

Azpeitiko plazan hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur (astelehena) eguerdian, ustez ETAk Santoñan (Kantabria, Espainia) egindako atentatua salatzeko asmoz. Militar bat hil da erasoan. Eudelek (EAEko udalen elkartea) deitu ditu elkarretaratzeak.

Bart goizaldean bonba-autoa zartarazi du ETAk Santoñan, egoitza militarren baten kontra. Espainiako armadaren Virgen del Puerto akademia militarrari eraso dio, eta eztandaren ondorioz Luis Conde de la Cruz 46 urteko brigada hil da. Halaber, sei lagun zauritu dira: larri dagoen beste militar bat, eta atentatua gertatu denean inguruan zebiltzan bost herritar. Azken bost horiek zauri arinak dituzte.

Atentatuaz informazio gehiago, Berrian