Azpeitiko ezker abertzaleak aurreko asteko "gertaera larriak" salatu ditu

Uztarria.eus 2008ko ira. 22a, 14:09
Azpeitiko ezker abertzaleak ostegunean eman zuen agerraldia.

Euskal Herriko "salbuespen egoerari" buruz hitz egin du

Herriarekin duten "konpromisoa berretsi" nahi izan du

Azpeitiko ezker abertzaleak ostegunean agerraldia egin zuen, aurreko asteko “gertaera larrien aurrean, egoera politikoaren irakurketa egin eta eraso berri hauek ze ondorio izan dezaketen” azaltzeko, eta erabaki judizialak salatu zituen. Euskal Herriak bizi duen “salbuespen egoerari" buruz hitz egin zuten. “Espainiako polizia autonomikoak presoen egoera salatzeko manifestazioan hainbat herritar kolpatu eta atxilotu zituen, Justiziak AAMko hainbat kide espetxeratu ditu, eta azkenik ANV eta EHAK alderdiak ilegalizatu ditu”.

Azpeitiko ezker abertzalearen hitzetan, “Espainiako Estatuak PSOEren eskutik independentziaren proiektu politikoa suntsitze bidean estatu aparatu guztiak jarri ditu martxan”. Gatazkaren oinarriak autodeterminazioa dela adierazi zuten, eta eskubide hori “mahai gainean jarritakoan atzera egin eta errepresioaren bideari ekin dio PSOEk”.

Aurreko asteko ekintzek “helburu politikoak argiak” dituztela adierazi du ezker abertzaletik. “Ezker abertzalea mapa politikotik ezabatzea nahi dute, kaleetatik nahiz instituzioetatik. Bide honetan EAJk jarri zuen lehen harria mozio etikoak herriz herri aurrera emanez eta orain sasi epaileak datoz bigarren harriarekin.”

Gertaeren aurrean Azpeitiko ezker abertzaleko kideek “herriarekin dugun konpromisoa berretsi” nahi izan du, eta “indarrez ateratzen ez gaituzten bitartean” Azpeitiarentzat eta azpeitiarrontzat duten proiektua garatzen jarraituko dutela adierazi du.