Organo-jotzaileak hezitzeko ikastaroak antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 19a, 11:09

Juan Antxieta Musika Eskolakoek garai batean organoek herrian izandako indarra berreskuratu nahi dute

Ikastaroa egiteko pianoko hirugarren maila eginda edukitzea gomendatzen dute

"Urolaldean organo eder asko baiĀ», baina organo-jotzaileak "falta" direla dio Jose Luis Frantzesenak. Hori dela eta, organoa jotzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu Juan Antxieta Musika Eskolak. "Azken urteetan musikako instrumentu honek jasan duen beherakada gelditu eta pixkanaka-pixkanaka garai batean izan zuen indarra berreskuratzea nahi dugu, kontuan izanik inguruko elizetan ditugun altxorrak", azaldu dute.

Organoa jotzen ikasteko ikastaroak bai Azpeitiko bai inguruko jendeari zabalduta daudela azaldu dute Musika Eskolakoek. Baina ez dira edozeinei zuzendu- tako saioak, musikaz zerbait jakin behar baita. "Gutxienez pianoko hirugarren maila eginda izatea komeni da, oinarri bat edukitzea garrantzitsua baita", dio Jose Luis Frantzesena ikastaroetako irakasleak. Organoa jotzeko eskolak Esklabetako elizan emango dituzte eta haietan parte hartu nahi dutenek izena Juan Antxieta Musika Eskolan eman beharko dute, 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era; baita bertako telefonora deituta ere, 943 816263 zenbakira.

Iaz aurrenengo aldiz

Iaz, abenduan, hasi ziren organo ikastaroak ematen Esklabetako elizan, "inguruko elizetan organo-jotzaileen falta dagoelako". Abenduan lau ikaslerekin hasi zen Frantzesena, "baina ikasturtea bost ikaslerekin bukatu nuen. Aurten, oraingoz, sei lagunek eman dute izena eta hamar bat ikasle izatea espero dugu", dio Frantzesenak.

Organoa jotzen ikasi bakarrik ez, instrumentua ondo ezagutzen eta inguruko elizetan dauden organoen berezitasunak antzematen ere ikasiko dute. "Inguruan ditugun organo guztiak ezagutuko ditugu", dio. Ez hori bakarrik, organoko sistema desberdinak zeintzuk diren ezagutzera ere iritsiko dira ikasleak: "Sistema zaharra zein den ere ezagutuko dute ikasleek. Gipuzkoan, esaterako, sistema zaharreko hiru-lau organo besterik ez daude: Beizaman, Ataunen, Donostiako Aieten...".

Organoa jotzen ikasten hasten direnak egunen batean Kontserbatoriora edota Musikenera joateko moduan prestatzea gustatuko litzaioke Frantzesenari: "Ederra hori izango litzateke, hemendik urte batzuetara bakarren batzuk Musikenen-edo sartzea".