Gillermo Garatxana azpeitiarra hil da Mont Blancen

Uztarria.eus 2008ko ira. 17a, 13:09
Gillermo Garatxanak Azpeitian grabatu zuten 'La buena nueva' filman hartu zuen parte. Argazkia ordukoa da.

Hildakoak 29 urte zituen

Gaztea 500 metrotik behera erori zen

Gillermo Garatxana azpeitiar mendizalea hil da Mont Blancen (Frantzia), Gouter parean, 3.800 metro inguruan zela. Istripua atzo, asteartea, gertatu zen, 15:00etan. 29 urte zituen. Chamonix-eko Mendiko Poliziak esan duenez, 500 metrotik behera erori zen.

Iturri horren arabera, hildakoa beste bi mendizalerekin zegoen istripua gertatu zenean. Gorpua Chamonix herrira eraman zuten.

Garatxana lagun batzuekin joana zen Alpeetara eta Mont Blanc-eko beherako bidean zihoala izan zuen ezbeharra, eguerdiko 13:00ak aldera. Istripuaren unean beste bi lagunekin zegoen. Haren Azpeitiko bizilagun batek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, «Gillermok aparejadore bezala egiten zuen lan orain, ikasketak Burgosen egin zituen eta han egindako lagun batekin joana zen Alpeetara».

Herenegun arratsaldean, ezbeharraren berri jakin orduko, senideak Frantziara joan ziren.

Garatxana, Lagun Onak Mendi Bazkunako bazkidea zen. Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Aritz Odriozolaren arabera, "ezbeharra nola gertatu den oraindik ez dakigu garbi; hedabideetan entzundakoa dakigu, ez besterik. Senideak bertara joana dira baina oraindik ez dugu izan haiekin hitz egiteko aukerarik. Dena dela, senideekin harremanetan dagoen herritar batekin egon gara eta berriro ere harekin egoteko asmoa dugu, kontuak nola dihoazen jakiteko. Gorpua herrira noiz ekarriko duten ere ez dakigu oraindik".