Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi du ANV

Uztarria.eus 2008ko ira. 16a, 18:09

Azpeitian EAE-ANVk 2.409 boto lortu zituen 2007ko udal hauteskundeetan, eta sei zinegotzi; gero, alkatetza

Aurten, Garzonek jarduerak eteteko ebazpena atera ondoren, hautetsi independentista izena hartu dute; udal karguari eusten segituko dute

Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo uzteko epaia atera du gaur, asteartea. Epaiaren bidez, alderdi politikoa desegiteko agindua eman du, baita haren ondasun denak kentzeko ere. Irailean egin zuten ANVri buruzko auzi saioa, eta honek ostegunean aurkeztu zituen alegazioak.

Urte honetako otsailean, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak EAE-ANVren jarduera politikoa hiru urterako etetea ebatzi zuen, "erakunde terroristari laguntzea" egotzita.

Azpeitian EAE-ANV alderdiak 2.409 boto jaso zituen 2007ko maiatzean egin ziren udal hauteskundeetan. Boto horien arabera, sei zinegotzi lortu zituen. Urte bereko ekainaren 16ko kargu-hartze ekitaldian IƱaki Errazkin ANVko zerrendaburua atera zen alkate, bederatzi boto lortuta. EAk (bi) eta Aralarrek (bat) babestu egin zuten bozketan, eta ordutik udal gobernua osatzen dute bederatzi zinegotziek. EAJ da oposizioko alderdi bakarra; zortzi zinegotzi ditu.

Garzonek aurtengo otsailean emandako aginduaren ondorioz, ANVko kide gisa zinegotzi postua lortu zutenek hautetsi independentista izena hartu zuten. Orduan bezala, orain ere udal karguari eutsi egingo diote.