Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak mobilizatzeko deia egin du

Uztarria.eus 2008ko ira. 16a, 14:09

Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiketa salatu nahi dute; bihar (asteazkena) aterako dute epaia

Bihar manifestazioa egingo dute herrian, 19:30ean hasiko da, plazatik Azkeneko albistea (hilak 17, 13:35): 8 eta 10 urteko kartzela zigorrak AAMko 21 kiderentzat

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) mobilizatzeko deia egin du biharko, asteazkenerako, bere aurkako epaia aterako dutela-eta. Manifestazioa deitu du, eta 19:30ean hasiko da, plazan.

Apirilaren 21 eta ekainaren 18 artean egin zuen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalak Casa del Campon (Madril, Espainia) AAMren. Leku hartara bertara joateko zitazioa jaso dute auzipetuek bihar 10:00etarako. AAMk espetxe zigorra ezarriko dietela espero du eta horregatik herritarrei mobilizaziorako deia egin die.

Haiek espetxeratuta ere, presoen aldeko elkartasuna desagerrarazterik ez dutela lortuko ohartarazi zuten auzipetuek atzo, Donostian emandako agerraldian.

Azkeneko albistea (hilak 17, 13:35): 8 eta 10 urteko kartzela zigorrak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko 21 kiderentzat

Espainiako Auzitegi Nazionalak 8 eta 10 urteko kartzela zigorrak Amnistiaren Aldeko Mugimenduko (AAM) 21 kiderentzat gaur (asteazkena).

Juan Mari Olanori, Julen Zelaraini eta Aitor Jugori 10 urtekoa ezarri die. 8 urtekoa beste 18 auzipeturi. Julen Arzuaga, Juan Antonio Madariaga eta Ixone Urzelai absolbitu egin dituzte. Zigortutako 21 lagunetatik 13 berehala espetxeratzeko agindu du epaimahaiak, eta beste zortzi baldintzapean aske utzi dituzte epaia irmoa izan arte. Zigor horiek ezartzeaz gain, Aministiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpokotzat jo ditu epaimahaiak eta desegiteko agindu.

Berria-n epaiaz informazioa

Azpeitiko AAMren agiria (hilak 16, 12:35)

"Epaia aspaldi idatzia dagoela salatu izan dugu eta igarotako auzia, jadanik sententziaturikoa estalki juridikoz janzteko saioa besterik ez da izan.

Bereziki larria eta indarrez salatu beharrekoa beraz, ez da soilik mugimendu honen kriminalizazioa lege bilakatuko dutela. Honen atzean, preso eta errepresaliatuekiko elkartasuna, errepresio eta eskubide urraketen salaketa eta askatasun demokratikoen defentsaren kriminalizazio eta debekua, lan politiko eta sozial honen legez kanporatzea dago.

Honekin bilatzen dutena PSOE -ren gobernuak Euskal Herriari begira abian duen ziklo errepresiboak bidea garbi eta eskuak libre izatea da. Errepresioa inolako mugarik gabe eta inpunitate osoz gauzatu ahal izatea Euskal Herriaren kontra. PNVk ziklo errepresibo honetan duen konplizitate praktikoa ere argi ikusi genuen pasa den igandean Donostian. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu nahi du beste behin ere ertzaintzak erabili duen bortizkeria euskal preso politikoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzen zituen manifestazio honen aurka. Herritarrak gorrotoz nola jipoitu zituzten ikusi dugu, nola atxilotu zituzten, nola beldurtu zituzten. Manifestazio eskubidearen aurkako eraso argia izan zen.

Gaur betetzen ditu Juan Karlos Arruti “Paterra” Azpeitiko preso politikoak 19 urte espetxean. Orain dela lau urtetatik 3/4ak beteak ditu eta aske izan beharko luke. Horrelako injustizien aurrean eta sententzia kriminalizatzaile guztien gainetik AAM-ak borrokan jarraituko du. Euskal preso eta iheslari politikoei elkartasuna adierazten eta injustizia oro salatzen jarraituko dugu.

Beraz, azpeitiar guztiei dei egiten diegu Paterraren askatasuna eskatzeko eta sententziei aurre eginez Euskal Herriak askatasuna behar duelako, bihar asteazkena plazatik abiatuta, arratsaldeko 19:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko".

Aritz Arzallus, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea.