Neskak ere pilotalekuetara

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 15a, 11:09

Emakumea Pilotari ekimenak, 10-16 urte arteko neskentzat Nesken Pilota Eskola jarriko du martxan

Urriaren 6an hasiko dira pilota eskolak Betharramdarretan

Udako oporraldiaren ostean, berriro ere Azpeitiko Nesken Pilota Eskola martxan jarriko du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan. 10-16 urte bitarteko neskei zuzendutako pilota eskola da abian jarriko dutena.

Urriaren 6an hasiko dira pilota eskolak Betharramdarretako pilotalekuan, baina kirol ikastaroetan parte hartzeko izena irailaren 15etik 26ra bitartean eman beharko da. Izena ikastetxeen bidez eman behar dela adierazi dute ekimenaren antolatzaileek: "Izena eman nahi dutenek, euren ikastetxeetan jasoko dituzten esku-orriak bete eta berriz ere eskola kiroleko koordinatzaileari itzuli behar dizkiote, behar bezala beteta".

Neskei zuzendutako pilotako saio guztiak Betharramdarretako pilotalekuan jokatuko dituzte, urrian hasi eta ekaina bitartean. Alebin mailako neskek, 10-12 urte artekoek, 17:15etik 18:30era artean izango dituzte pilota saioak. Infantil eta kadete mailetakoek, 13 urtetik 16 urte artekoek, berriz, 18:30etik 20:00etara.

Ikasturtean emango diren pilota ikastaroetan parte hartzeko bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu.

Laugarren ikasturtea

Azpeitiko Nesken Pilota Eskolak laugarren ikasturtea beteko du urrian hasiko duten honekin. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren baitako Emakumea Pilotari ekimenekoen esanetan, iazko ikasturtean hogei neska inguruk hartu zuten parte pilota eskolan, "eta benetan gustura bukatu zuten ikasturtea".

Emakumea Pilotari proiektuko Eskola Kirola atalaren baitan antolatzen dute Nesken Pilota Eskola hori.

Paleta ikastaroak ere bai emakumeentzat

Emakumea Pilotari ekimenaren baitan, ez da Pilota Eskola neskentzat antolatu duten ikastaro bakarra Azpeitian. Izan ere, emakumeei zuzendutako Paleta ikastaroa ere abiatu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan. Paletako saioak, 18 urtetik gorako emakumeei zuzendutakoak dira eta azaroan hasiko dira saioak, Izarraitz pilotalekuan.

Azaroan hasi eta ekaina bitartean emango dituzte paletako eskolak. Astean behin izango dira ordu eta erdiko saioak. Kasu honetan ere ikastaroan parte hartzeko 60 euro ordaindu behar dira. Izena eman nahi dutenek, hilaren 23a baino lehen Azpeitiko kiroldegira jo beharko dute edota 676055254 (Naroa) telefono zenbakira deitu dezakete. Ordutegia aukeran jarri dute: astelehena, asteartea, osteguna edo ostirala, 09:00etatik 10:30era edo 10:30etik 12:00etara.

Ez da Azpeitian paleta ikastaroa antolatzen duten aurreneko aldia, orain bi eta hiru urte ere egin baitzuten. Orduan 25-50 urte arteko hamabost emakume inguruk hartu zuten parte.