Iñaki Alkorta txapelarekin itzuli da Ordiziako gazta, barazki eta ganadu lehiaketatik

uztarrria.com 2008ko ira. 11a, 15:09
Iñaki Alkorta, Uztarria herri aldizkariak egindako erreportajerako argazkian.

Alkorta "gustura" dago emaitzarekin; nahiz eta ganadua lehiaketarako prestatzen jardun duen, lehen postuak "sorpresan" harrapatu duela esan du

Berastegi baserria gazta lehiaketan finalisten artean geratu da

Inaki Alkorta gazteak 12 eta 18 hilabeteko eta erditu gabeko abelgorrien kategorian txapela irabazi zuen atzo (irailak 17, asteazkena) Ordiziako gazta, barazki eta ganadu txapelketan. Ganadu kontrolatzailea da Alkorta eta Urraki bideko Garagartza Gain baserrian ditu abereak. Emaitzarekin "gustura" dagoela esan dio uztarria.com-i, nahiz eta ganadua lehiaketarako prestatzen jardun duen, "sorpresan" harrapatu duela.

Denera, Pirenaika arrazako lau buru eraman zituen Alkortak Ordiziara eta gazteenarekin, 12-18 hilabete arteko bigantxarekin, alegia, irabazi zuen txapela. Adin tarte horretan zortzi bat bigantxa lehiatu zirela azaldu du eta horien artean irabazle aterata "gustura" agertu da.

Iaz joan zen Alkorta lehen aldiz Ordiziako lehiara. "Behi zahar batekin joan nintzen eta lehenengo saria lortu nuen. Hura bai ez nuela espero eta benetan pozgarria izan zen".

Behiak prestatu egiten ditu Alkortak lehiara eraman aurretik. "Sokan-eta nola ibili erakutsi egin behar izaten zaie, gero, jendearekin-eta aztoratu egin daitezkeelako". Horrez gain, lehiaketara eramango dituen abereei jaten "hobetoxeago" ematen diela aitortu du. "Ezin duzu hezurretan dagoen behi bat aurkeztu, baina ezta gizen-gizena dagoena ere. Tarteko neurrian mantendu behar da".

Aurrera begira, Tolosako ganadu txapelketara aurkezteko asmoa omen dauka. "Iaz ere joan nintzen Tolosara, baina han zaila izango da zerbait lortzea". Gernikakoan ere parte hartuko duela esan du. Han estreinakoz lehiatuko da.

Gazta txapelketan Berastegi finalisten artean

Gazta txapelketan ere parte hartu zuten herriko gazta egileek. Berastegi baserriak finalisten artean sailkatzea lortu zuen. Izarraitz auzoan dago Berastegi baserria eta Xoxote izeneko gazta egiten dute, "ardi latxen esne onenarekin". Xoxote gazta Idiazabal izeneko zigiluarekin saltzen dute eta Zumitz Artzai Gazta elkartearen onespenaren jabe da.