Mitxelena apaizak utzitako tokia Emazabalek eta Aizpuruk beteko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 11a, 12:09
Orain arte Iñigo Mitxelena (ezkerrean) izan da Errezilgo erretorea eta hemendik aurrera Segundo Aizpuru izango da.

Azpeitiko parrokiko lanak Aitor Emazabal apaiz hondarribiarrak beteko ditu

Errezilgo erretore berria, berriz, Segundo Aizpuru urrestildarra izango da

Eskualdean parrokia batetik bestera apaizen joan-etorria izango da datozen egunotan. Inigo Mitxelena apaizak Azpeitiko parrokiako lanak eta Errezilgo erretoretza utzi egingo ditu, Bergarako eta Antzuolako parrokien ardura eman diotelako. Haren ordezko lanak eskualdeko beste bi apaizek hartuko dituzte: Errezilen erretore Segundo Aizpuru urrestildarra jardungo da hemendik aurrera eta Azpeitian Mitxelenaren hutsunea Aitor Emazabelek beteko du; Emazabel hondarribiarra da eta Zumaian eta Getarian jardun du apaiz lanetan apaiztu zenetik orain arte.

Igande honetan, Mitxenelari agurra egingo diote Errezilgo parrokian eta Emazabali ongietorria eman Azpeitikoan. Mitxelena dagoeneko Bergaran hasi da lanean: "Orain dela hiru egun etorri nintzen Bergarara eta hemen hasi naiz lanean. Egun hauetan bergararrak eta parrokiak ezagutzen ari naiz, pixkanaka. Bi apaizek jardungo dugu Bergara eta Antzuolako parrokietan; Bergaran San Pedro eta Santa Marinaren ardura izango dugu", dio.

Zazpi urte Azpeitian

Mitxelena villabonarra da eta 2001eko saninazioetan etorri zen Azpeitira: "Urtebetean diakono bezala egon nintzen Azpeitian eta gero sei urte apaiz". Azpeitiko parrokiako apaiz lagunkidea izan da urte hauetan guztietan: "Gazte pastoraltzaren ardura izan dut eta parrokiako Zaparraie Aisialdi Taldearekin ere ibili naiz gauzak antolatzen. Moja frantziskotarren kaperaua ere izan naiz".

Azpeitian "gustura" ibili dela dio Iñigo Mitxelenak: "Herri handi bateko lana zein den ikusi dut eta horrek balioko dit Bergaran jarduteko". Baina Azpeitiko jardunaz gainera Errezilgo erretorea ere izan da apaiz gaztea: "Errezilen hiru urte egin ditut erretore bezala, herri txikia da, eta gustura jardun dut bertan".

Kostatik barrura

Aitor Emazabel hondarribiarrak beteko du Mitxelenak Azpeitiko parrokian utzitako hutsunea. Emazabel apaiztu zenean Zumaiako parrokiara bidali zuten eta gero Getariako erretorea ere izan da. 33 urte ditu egun.

Joan den ostiralean eman zuen azken meza Getariako Salbatore Deunaren parrokian eta ondoren merienda eskaini zien han bildutako herritarrei. Hemendik aurrera Azpeitiko erretore Kepa Susperregirekin jardungo da elkarlanean. "Azpeitian, bion artean adostuko dugu bakoitzaren betebeharra zein izango den", dio Susperregik.

Ruandatik Errezilera

Errezilgo erretore lanak, berriz, Segundo Aizpuru urrestildar apaizak beteko ditu aurrerantzean. Makibar Berri baserriko semea denak 40 urtetik gora egin ditu Ruandan, misiolari bezala lanean. Gipuzkoako elizbarrutiak 1962. urtean Ruandarako "lankidetza-konpromisoa" hartu eta han misio lanetan hasi zen. Aizpuru lau urte geroago joan zen Ruandara misiolari, 1966. urtean. Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkaria-ri 2005ean emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, "misioetara joateko gogoa seminarioan nengoenetik nuen".

Apaiz egin eta bost urte pasatu zituen Mutrikun eta gero Afrikara joan zen misiolari. Gipuzkoako Elizbarrutiak 2001eko irailean itxi zuen misioa Ruandan, baina Aizpuruk bertan jarraitu zuen lanean bakar bakarrik, "pastoral lanetan eta hango elizbarrutiaren zuzeneko ardurapean". Afrikan pasatutako urteetatik "denborarik gehiena" Kayenzi parrokian pasatu zuen Aizpuruk.

Ruandatik orain dela bi urte inguru etorri zen Euskal Herrira eta orain Errezilgo parrokiaren ardura eman diote. Azken egun hauetan lanpetuta dabil, Errezilgo apaizetxean eraberritzeko lanetan baitabil buru-belarri.

Elizkizunak

Apaiz berriei ongietorria eman eta beste herri batzuetako parrokietara doazenak agurtzeko elizkizunak antolatu dituzte iganderako.

Errezil. Mitxelena agurtu eta Aizpururi ongietorria emango diote, 10:30ean, parrokian.

Azpeitia. Aitor Emazabal apaizari ongietorria emango diote, 12:30ean, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.