Juan Antxietaren bizitza, liburuan jasota

Uztarria.eus 2008ko ira. 9a, 15:09

Concepción Garcia Gainzak egin du Juan Antxieta eskultore azpeitiarrari buruzko liburua

XVI. mendeko testuinguru artistikoko pertsonaia esanguratsua izan zen

Juan Antxieta eskultore azpeitiarraren bizitza eta bere ofizioa liburu batean jaso ditu Concepcion Garcia Gainza idazleak. Juan Antxieta. Errenazimentuko eskultorea (Juan de Antxieta. Escultor del Renacimiento) du izenburu liburuak eta Nafarroako Gobernuak eta Hispaniar Artearen Fundazioak diruz lagundu dute. 1.000 ale argitaratu dituzte eta 90 eurotan jarri dituzte salgai liburu dendetan.

Garcia Gainzak, azpeitiarrak eskulturgintzarako zuen bokazioa hartu du oinarri liburua osatzerako orduan. Juan Antxietari buruz, marrazketarako, grafismorako eta proportzioak lantzerako orduan zituen "ahalmen paregabeak" azpimarratu ditu liburuaren egileak.

Denera, 254 orri ditu liburuak eta bi zatitan dago banatuta. Lehenengo zatia lau kapitulutan dago banatuta. Antxietaren bizitza, jaso zuen formazioa, bere lantokia, garai hura eta egiten zuen arteaz ari da idazlea lehen zati horretan. Bigarren partea, sei kapitulutan dago banatuta eta egin zituen obra nagusienez ari zaigu.

Juan Antxieta azpeitiarra

Bere jaiotza data zehatzik ezagutzen ez bada ere, Juan Antxieta 1540 inguruan jaio zela uste. Azpeitian jaio zen eta bere bizitzan zehar toki askotan ibili bazen ere hiltzera zihoala berriz ere itzuli zen sorterrira. 1588an hil zen, egun, Antxieta Etxea izenez ezagutzen den etxean.