330 herritar bildu dira Karitateko Alaben agurrean

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 9a, 12:09
Goiko argazkian, Karitateko Alabak eta Udaleko ordezkariak, igandean, Kirurin. Bigarrenean, mojei egindako omenaldian 330 herritar bazkaltzen. Behekoan, Milagrosa ikastetxeko ikasle ohi batzuk kantuan.

.139 urtean jardun dute Azpeitian lanean

Astelehenean utzi zuten herria "etapa berri bat hasteko" asmoarekin

Karitateko Alabek atzo, astelehena, utzi zuten Azpeitia. 139 urte egin dituzte herrian haurren hezkuntzan eta adinekoekin lanean. Igandean, herritarrek agurtzeko egin zioten omenaldi bazkarian 330 lagun elkartu ziren Kirurin. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak Udalaren izenean esker ona azaldu zien mojei, "herrian egon diren urte guzti hauetan Karitateko mojek isilean egin duten lana garrantzitsua izan da. Omenaldien zale ez badira ere, Udalaren izenean esker ona azaldu nahi diet".

Karitateko Alabetako bederatzi moja egon dira Azpeitian, azkenaldian: Maria Jesus Ros, Maria Pilar Astigarraga, Rosario Muguruza, Lucia Garmendia, Pilar Loiarte, Juana Diez, Natividad Luquin, Ana Arin eta Mari Fe Martin. Gehienek, San Martin egoitzan eta Iraurgi ikastetxean jardun dute lanean. Baina orain Azpeitia utzi eta "etapa berri bat" hasiko dute. Hala ere, bi mojek, Mari Fe Martin eta Ana Arinek, Iraurgi ikastetxean jarraituko dute lanean; baina bizitzera Azkoitira joango dira. Besteak, hainbat herritan banatuko dira: Maria Jesus Ros eta Lucia Garmendia Donostiara; Maria Pilar Astigarraga Ibarrara; Natividad Luquin Murgiara; Pilar Loiarte Oñatira eta Juana Diez Urretxura.

Mojek herenegun jaso zuten herritarren agurra San Martin egoitzako batzordeak antolatutako omenaldian. Eguerdian meza izan zuten Parrokian eta gero Kiruri jatetxean bazkaria. Udalekoen eta adinekoen egoitzakoen esker ona jaso zuten mojek bazkalondoan eta bakoitzari erloju bana eman zioten opari. Mojek, herritarrengandik jasotako agurra eskertu zuten, "bazkaltzera etorri, telefonoz deitu edota idatzi diguten herritar guztiei eskerrak eman beharrean gaude". Bazkalondoan, trikitilarien saioaren aurretik, kanturako tartea ere izan zen: Ramon Aizpuru apaizak abesti bat abestu zuen eta Arantxa Imazek beste hiru. Milagrosako ikasle ohi batzuk ikastetxeko hainbat doinu ere gogorarazi zituzten.

Karitateko Alabek 139 urte egin dituzte Azpeitian. 1869ko irailaren 13an, bost moja etorri ziren Madrildik San Martingo ospitaleko erruki-etxera lanera. 1898ko urrian Milagrosako ikastetxea ireki zuten. Gaur egun, Iraurgi ikastetxearen baitan dago: 2002-2003ko ikasturtearen hasieran Milagrosa bezala jarduteari utzi eta herriko beste ikastetxe erlijiosoekin batera Iraurgi ikastetxea sortu zuten.

"Etapa berriari" atzo bertan ekin zioten Karitateko Alabek.