Lan Mobel txirrindulari taldea Euskal Herriko seigarren proban bigarren

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 9a, 11:09
Igandean, jubenil mailako txirrindulariak Lierniko igoeran.

Lierniko lasterketan, bosgarren, hamargarren eta hamabigarren egin zuten Lan Mobeleko txirrindulariek

Gorka Olaizola zestoar txirrindulariak irabazi zuen lasterketa

Asteburuan jubenil mailako txirrindularien bi lasterketa jokatu dira. Larunbatean, Euskal Herriko seigarren proba izan zen Dulantzin eta Lan Mobel txirrindulari taldekoek taldeka bigarren egin zuten bertan. Talde horretako Mikel Madinabeitiak hirugarren bukatu zuen, gainera. Igandean, berriz, Lierniko XXVII. Lasterketa Viveros San Anton taldeko Gorka Olaizola zestoar txirrindulariak irabazi zuen.

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko seigarren proban, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko Lan Mobelekoei ez zitzaizkien gauzak aurreikusita bezala irten. Gainera, epaileen akats baten ondorioz Madinabeitia koparik gabe utzi zuten, hirugarren postua eman beharrean zazpigarrena emanda. Taldekoek hori horrela ez zela ziurtatu zuten epaileen aurrean lasterketa bukatu orduko eta azkenean epaileek hirugarren bukatu zuela onartu zuten.

Igandean, Lierniko lasterketa bizkorra izan zen eta Olaizolak aurrena bukatzea lortu zuen 61 kilometro egin ondoren. Lan Mobeleko Mikel Elorza azkoitiarrak, berriz, bosgarren egin zuen; Jakes Goenagak hamargarren eta Jon Iriartek hamabigarren.